Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Artxiboa graduondokoan formazio teorikoa eta praktikoa eskainiko da ondare zinematografikoa eta ikusentzunezkoa identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko

Graduondoko ikasketa honetan formazio teorikoa eta praktikoa emango zaie ikasleei ondare zinematografikoa eta ikusentzunezkoa identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko. Zinemak ondare material eta immaterial gisa sortzen dituen dilema teoriko, tekniko eta etikoen aurrean jarriko dira ikasleak ikastaroan zehar. Irudi eta hotsen identifikazioa euskarri fotokimiko, magnetiko eta digitaletan lantzeaz gainera, sortutako fondoak kudeatzeko eta bilduma berriak sortzeko bitartekoetan trebatzen dira ikasleak espezialitate honetan. Bestalde, materialak ikuskatzeko eta zaharberritzeko protokoloak eta prozedurak ikasten dira espezialitatean, bitarteko mekanikoak eta digitalak erabiliz eta, beraz, laborategiko praktika erreala eginez.

Ikasketak hauek Euskadiko Filmategiaren lanekin lotuta egiten dira eta horrek ikasleei aukera ematen die FIAF erakundeak (International Federation of Film Archives) homologatutako artxibo zinematografiko bat bertatik bizitzeko.

Clara Sánchez-Dehesa
Artxiboa Saileko koordinatzailea

Clara Sánchez-Dehesa Galán aditua da ikus-entzunezko materialen artapen eta lehengoratzean L. Jeffrey Selznick School of Film Preservation eskolan, New York. Bertan, Haghefilm 2011 beka jaso zuen. Orobat da aditua ikus-entzunezko ondarean Madrileko Universidad Complutenseko Master bidez. Artapen lanak egin ditu hainbat proiektutan, Espainian ez ezik, Bolivian, AEBn eta Mexikon, eta Etxeko Zinemaren Sarea garatzen lan handia egin du. Egun, etxeko zinema eta zinema amateurra berreskuratzeko eta zabaltzeko xedea duen elkarte horretako zuzendari da.

 


“Zinemaren materialak ez dira euskarri hutsak. Biltzen duten lanarekiko lotura gaur egungo digitalizazio politikek erakusten dutena baino askoz estuagoa da. Lotura hori ulertzea, materialak eta izaten duten narriadura ondo ezagutzea, ezinbestekoa da kontserbazioari buruzko erabakiak hartu ahal izateko. Ikus-entzunezko ondarearekin lan egiteko funtsezkoa da, batetik, hainbat trebetasun tekniko izatea, eta, bestetik, euskarri mota bakoitzarekin lotuta doazen teknologiak behar bezala erabiltzea.

Artxiboaren gaitasun horiek guztiak landuko ditugu teoriaren, praktikaren eta profesionalen esperientziaren bidez. Azken helburua da ikasleak gai izatea ikus-entzunezkoen kontserbazioan sortzen diren arazoei aurre egiteko, ondo oinarritutako irizpideei jarraituz”.

 

Clara Sánchez-Dehesa

Ondare zinematografikoa eta ikusentzunezkoa zaharberritzea eta babestea

 

  1. Modulua 2. Modulua 3. Modulua 4. Modulua 5. Modulua 6. Modulua

Ikasgai komunak

Zinemaren hipotesia Zinemaren materialitatearen historia Zinemagilearen pentsamendua Errealitatearen soinu-banda Zinemagile ikuslea  

Moduluko gaiak

Ondare zinematografikoaren materialak (I) Ondare zinematografikoaren materialak (II) Digitalizazioa eta tratamendu digitalak Denboraren arrastoa ikus-entzunezko ondarean

Bildumen kudeaketa eta artxibo proiektuak

Zinemagilearen tailer-estudioan

Espezialitatea

Ikus-entzunezko ondarearen hastapenak eta historia Behatoki digitala Film fotokimikoaren digitalizazioa Material fotokimikoen narriadura eta zaintza

Irudi fotokimikoa. 16 mm laborategia (III)

 
  Bideo bildumen identifikazio eta kudeaketa Artxibo digitalak identifikatzea eta ikuskatzea Bideoa digitalizatzea Soinua zaharberritzea

Ikus-entzunezko bildumak kudeatzea

 
 

Irudi fotokimikoa. 16 mm laborategia (I)

 

Film materialak identifikatzea

Irudi fotokimikoa. 16 mm laborategia (II)

 

Ikus-entzunezko ondarearen materialtasuna

 

Dokumentazioa eta katalogazioa

 

Zinemaren beste kamera

 

Soinu zinematografikoaren behatoki iraunkorra

Tratamendu digitalak irudietan

 

Euskal zinema: historia duen zinematografia, gorantz datorren zinematografia

 

Soinu zinematografikoaren behatoki iraunkorra

Filmen zaharberritzea

 

Zaintza digitala

 

Soinu zinematografikoaren behatoki iraunkorra 

Complex Mediako bildumen kudeaketa eta tratamendua

  

Kode irekiko tresna digitalak ikus-entzunezko artxiboetarako

 

(hiru) Artxibategien mapa

 

Soinu zinematografikoaren behatoki iraunkorra

 

 

Topaketak, programak eta beste jarduerak

Akelarre I

 

Zinemaren historia(k)

Akelarre II

 

Zinemaren historia(k) 

Akelarre III

 

Zinemaren historia(k) 

Akelarre IV

 

Zinemaren historia(k)

Akelarre V

 

Zinemaren historia(k) 

 
Tabakalerako programazioa            

 

Irakasgai komunak

  • Zinemaren hipotesia

    Enborreko lehenengo ikasgaian eskola bera izango da aztergai, ikastetxetzat baino gehiago, plan edo proiektu estetikotzat hartuta. Horretan oinarrituta poetika bat sortzen da, hau da, ekintza plan bat, etika bat, zinemaren ikuspegi bateratu bat, partekatutako bizipen bat eta erantzunkidetasun kolektiboaren ideia bat, zine eskolako kide guztiak eraginpean hartzen dituena. EQZE poetika moduan, esango luke Raúl Ruiz-ek, ars poética moduan, Horaciok El arte de la poesía. Una sola historia/ Solo una historia obran egindako proposamenari jarraikiz, EQZE irakaskuntza filmikoaren beste esperientzia ospetsuen testuinguruan kokatzen du, eta zinemaren azterketa ikonologiko, malgu, zeharkako eta ez-diakronikoa planteatzen du, EQZEren irakas-proiektuaren oinarrian dagoen zinemaren unitateari buruzko hausnarketa eragiteko asmoz.

  • Zinemaren materialitatearen historia

    Zinemaren materialitate (optikoak eta haptikoak ere) adina zinema dago. Gai honek zinematograforako hurbilpena proposatzen du bere materialitatetik abiatuta. Zedarri teknologikorik nabarmenenak ez ezik, diskurtso artistiko zehatzak sortzen irudiaren materialitateak lagundu duen moduen argitzea du helburu. Material fotokimiko sentsiblearen materialitatean zentratuko da asignatura hasera batean, eta aurrera ahala (erresoluzio, testura, kolorea) eta ikusentzunezkoen beste euskarri batzuei jarriko die arreta, magnetikoei bezala digitalei

  • Zinemagilearen pentsamendua

    Sormenaren teoriara zinemagileek beraiek egindako hurbilketa, filma egin aurretik edo egin ostean: filma proiektu moduan edo bere obrari buruzko gogoeta moduan. Metodologia tradizionaletatik urrundutako pentsamendu zinematografikoaren irakurketaz gain, zinemagileen teoriak, kasu guztietan, diziplinaren dilema estetiko oinarrizkoetarako hurbilketa saiatzen du. Gaiak jartzen die arreta hurbilketa intuitibo soil eta ez erreflexiboei ere, sormenaren arrazionalizatzearen kontrakoei.

  • Errealitatearen soinu-banda

    Zinemak, betiko zatiketa bati jarraituz oraindik ere, soinua maila guztiz tekniko batean ikusten du: ahotsa, atzeko soinuak, efektua eta musika. Soinuen behartutako sailkapen hori izan da jaso dugun neurrira egindako soinuen unibertsoa eta baita pantailatik haratago luzatzen den entzutearen kultura osoaren oinarria ere. Zinema, errealitatearen adierazpena izanik, gizakion historiako makina eraginkorrena da eta betidanik izan da gure soinu-kultura eremu zabalenean baldintzatzeko orduan. Era orotako soinuak bereganatu eta haiek dramatizazio saihestezinerako kodetutako esanahiak emateko gaitasun kamaleonikoaren bitartez, zinemak etengabe eratzen ditu entzuteko eta arretarako modu boteretsuenetako bat. Ikasgai honen helburua zinemaren historia haren soinu, zarata eta isiluneen bitartez, denak berdin aztertzea da, errealitatearekin alderatu (eta alderantziz) eta ikusmenak duen ahalmen handiarekin hitz egiteko gai den entzute kritiko eta aberasgarria gauzatzeko xedearekin beti ere.

  • Zinemagile ikuslea

    Filmak ikusiz, ikastaroan zinemagile ikuslearen irudia aztertuko dugu zinemagile izateko baliabide gisa. Zuzendari orok, batzuk beste batzuk baino gehiago, besteen filmak ikusten ditu. Zinemagileek betidanik izan dute beste zinemagileengan eragina, Lumière eta Méliès anaietatik hasita. Horrek, sare konplexua, zaila, eratzen du, zeinak Zinemaren historia bera eratzen duen, bai forma bai eduki gisa. «Nouvelle vague» delakoan planteatzen da eraginen kontu hori modu nabarmenagoan, mugimendu horren funtsezko ezaugarria baita. Zinemaren historian lehenengoz, zinemagileek zinemaren iraganarekin harreman esplizituagoa dute garai horretan.

  • (hiru) Artxibategien mapa

    Ikasgai honetan, EQZEko ikasleek beren eginkizuna (sorkuntza, ikerketa edo zaintzakoa) berenganatzeko aukera proposatzen da oroimen zinematografiko eta ikusentzunezkoa esploratze modura, zinemaren hiru aldiak aintzat hartuta: iragana, memoriarekin lotuta dagoena; orainaldia, ekintzarekin lotuta dagoena; eta etorkizuna, proiekzioarekin lotuta dagoena. Sustrai filosofikoak dituen proposamen honek arazo historiko, kultural edo politiko garaikideei buruzko hausnarketa planteatzen du, profanazioaren kontzeptuak (Giorgio Agamben) eta sorkuntza egintzaren kontzeptuak (Gilles Deleuze) eskaintzen dituzten esparru kontzeptualetik begiratuta.

  • Euskal zinema: historia duen zinematografia, gorantz datorren zinematografia

    Irakasgai honek euskal zinemara gerturatzea proposatzen du. Euskal zinemaren jaiotza eta gaur egunera arteko bilakaera zehazteko historikoki testuinguruan kokatzearekin hasiz, euskal zineman zehar errepaso kronologiko eta tematiko bat egingo du, eta sorreratik gaur egunera arte nabarmendutako euskal zinemagileak azalduko ditu; arreta berezia jarriko du gaur egungo euskal zinemagile aktiboen hiru belaunaldietan (edo gehiagotan).

  • Zinegilearen tailer-estudioan

    Seigarren modulua abuztuaren erdialdera hasten da, eta erdi-presentziala da. Ikasleek ikasi dutena aplikatzeko garaia da, dela praktika profesionaletan, dela master amaierako proiektuetan lan eginez, banakakoak nahiz taldekoak izan.

  • Zinemaren historiak

    Nolakoa izango litzateke zinemaren etengabeko historia etengabe berriro idazteko iturriak behin eta berriro berrikusiko balira? Borgesen mikrokontakizun moduko galdera honek aurten abian jarriko dugun ziklo-ikasgai honetara eramaten gaitu. Ikasturte guztietan, zinemako profesional bati eskatzen diogu (zinemagileak, artistak, teorikoak, etab.) zinemaren historiako film onenak hautatzea, izenburu horietatik abiatuta (nolabait kanonikoa, nolabait pertsonala, nolabait abismala, nolabait kronologikoa) zineen istorioak litekeenen edo ez litekeenen inguruan hausnartzen jarraitzeko. Ikasturte honetan ziklo hau Santos Zunzuneguiren esku etorriko da.

Ibilbideko irakasgaiak

  • Ikus-entzunezko ondarearen hastapenak eta historia

    Ikus-entzunezko egintzaren industria izaerak berarekin ekarri du arlo horretako aurrerapen teknologikoek benetako kataklismoak eragitea bere historian. Azken 120 urteetan, atrakzio zinematik zinema narratibora igarotzeak, metraje luzeko filmak programazio oinarri gisa estandarizatzeak, soinu, kolore edo pantaila zabala eskala handian erabiltzen hasteak, zelulosa nitratoa euskarri fotokimiko gisa erabiltzeari uzteak edo irudien sorkuntza, hedapen eta merkaturatzean bitarteko elektronikoak eta teknologia digitala sartzeak eragin dute ondoriozko hizkuntza iraultzak sortzea eta baita materiala suntsitzeko boladak izatea ere. Horiek artxibo zinematografikoak sortzera bultzatu zituzten partikularrak eta administrazioak. Bost eskola hauek ikus-entzunezko lanaren erreproduzigarritasunari eta haren adierazpenei buruzko oinarri teorikoa aurkeztuko dute, industriak erabiltzen dituen prozesuez gainera –eta, horrenbestez, artxiboetan daudenak– hiru denbora tarte handi desberdinetan: 1896-1930, 1930-1980 eta 1980-2010. Santiago Aguilar, Luciano Berriatua, Alfonso del Amo eta Nere Pagolaren parte-hartzearekin.

  • Bideo materialen identifikazio eta kudeaketa

    Bideo-formatuen historiari buruzko ikerketa, haien ezaugarri teknikoei eta erabilerari buruzkoa, baita bilduma mota hori kudeatzeko arrisku-faktoreei, printzipioei eta zereginei buruzkoa ere. Funtsean formatu analogiko eta digitaletan oinarritzen da, zinta magnetikoetan jasotakoetan, formatu profesionalak, ekoizpen independenteak zein bideo domestikoa. Bildumen kudeaketen gaiak barruan hartuko ditu identifikazioa, ikuskaritza eta inbentarioen sorkuntza, bildumak kontserbatzeko eta manipulatzeko estandarrak, eta kontserbazio eta babes planen diseinua.

  • Irudi fotokimikoa. 16 mm laborategia (I)

    Ikasgai honetan zuri-beltzean eskuz errebelatzeko prozedurak ezagutzen hasten da. Oinarri teorikotik abiatuta eta hainbat film errebelatzeko prozesuak praktikatuz, ikasgaiaren honetan material fotokimikoa aztertzen da, gela ilunean prozesatzen denean. Material horren ezaugarri eta portaera fisiko eta estetikoak eta narriadura ulertzeko, ikasleak materialak jasaten dituen tratamendu eta aldaketa kimikoak ikasiko ditu. Baita sorkuntzarako ematen dituen aukerak ere. Ikasgai honetan eskolan filmatutako materiala prozesatuko da.

  • Filme materialak identifikatzea

    Film ondareak identifikatzeko ikus-entzunezko teknologien historiari buruzko ikerketa. Ezaugarri teknikoak, materialen erabilera eta diskurtsoak. Bildumak identifikatzeko, ikuskatzeko, horien inbentarioa egiteko eta ebaluatzeko tresnak eta metodologiak diseinatzea.

  • Behatoki digitala

    Irudi digitalaren tresnen eta datu kudeaketaren alderdi teknikoa lantzeko gunea, hartzen direnetik postprodukzioraino.

  • Artxibo digitalak identifikatzea eta ikuskatzea

    Dokumentu digitalen ulermen orokorra: kanpotik (artxiboen sistema maila) barrura (formatuak, codec-ak, kodifikazioa...). Ikus-entzunezko erabilerako kasuetan jarriko da arreta. Ikasleek ikasiko dute nola bilatu, ulertu eta manipulatu multimedia artxiboen ezaugarri teknikoak eta horiek nola aplikatu kalitatezko afinazio baterako eta epe luzean kontserbatzeko. Halaber, multimedia artxiboen kalitate kontrolaren hastapenak ere eskainiko dira, eta ikasleak gaitu beharko lituzke bitarteko digitalen edozein motatako aplikazioak hartzeko eta esportatzeko aukerak maneiatzeko.

  • Irudi fotokimikoa. 16 mm laborategia (II)

    Ikasgaiaren bigarren zatia; aztergai nagusia koloretako filma errebelatzeko prozesua da.

  • Ikus-entzunezko ondarearen materialtasuna

    Nola grabatu eta erreproduzitu izan da soinua eta irudia? Mende eta erdian erabili izan diren hainbat ikuspegi aztertuko ditugu, eta ikuspegi horiek izan duten arrakastari eta porrotari buruz eztabaidatuko dugu. Prozesu originalak ulertzea da zaharberritze modernoen arrakastaren oinarria. Soinuaren eta mugimenduko irudiaren grabazioaren eta erreprodukzioaren historia teknikoa da hau. Soinua aztertzeko, garai akustikoa, elektrikoa, magnetikoa eta digitala hartuko ditugu kontuan; mugimenduko irudien kasuan, berriz, argazkigintzaren garaia, garai magnetikoa eta digitala. Gaur egungo artxibo baliabideak (irratia, zinema, telebista eta bideoa) ez ezik, ordenagailuak, bideo-jokoak eta… espazioaren esplorazioa ere aztertuko ditugu.

  • Dokumentazioa eta katalogazioa

    XIX. mendearen amaiera aldera, zinema asmatu zenetik, lehengo mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, bideoa sortu zen arte, ikus-entzunezko produkzio guztia euskarri fotokimikoan egin izan da. Formatu horretan garatu da, halaber, ikus-entzunezko produkzioa eta produkzio horren banaketa eta kontserbazioa. Teknologia digitalek aukera berriak eskaintzen dituzte sorkuntzari, biltegiratzeari eta sarbideari dagokienez, baina aldaketa teknologikoen eraginez materialak suntsitu izan dira beti, edo materiala eskuratzea ezinezko bihurtu izan da, irakurgailuak eta kontserbaziorako gailuak zaharkituta geratzen zirelako. Ikuspegi horretatik begiratuta, estandar berriak finkatzen direnean kontserbaziorako erronka berriak sortzen dira eta, aldi berean, obra horietarako sarbidea bermatzeko ezinbesteko diren dokumentazioko eta katalogazioko prozesuak errazten dira.

  • Zinemaren beste kamera

    Proiekzio moduen hausnarketa teorikoa eta esperientzia praktikoa. Ikasi egingo da proiektatzen, proiekzio-makinaren ikuspegia eta bizipena esploratzen, linterna magikotik DCPra.

  • Soinu zinematografikoaren behatoki iraunkorra

    Behatokia zeharkakoa izaten da ikasturte osoan, eta soinuarekin lotutako prestakuntzako, praktikarako eta ikerketarako gunea izaten da. Gai finkoak izateaz gain, taldekideen premietara eta unean uneko premietara egokitzen da; horregatik, praktikarekin eta egiten ari diren proiektuekin lotuta egoten da, bai soinua hartzean, bai postprodukzioan. Gainera, Behatokiak beste ikasgaiekin konexioak ere egiten ditu, soinuaren arloan oinarrituta, eta ikasturte osoan oihartzunen ganbera bat sortzen da.

  • Digitalizazio-prozesuak. Irudiaren tratamendu digitala

    Euskarri fotokimikoaren gaineko materialaren digitalizazioa aztertuko da. Gaur egun prozesu hori ondo finkatuta badago ere, lan fluxuak asko aldatzen dira erakunde batetik bestera. Ikasleak digitalizazioaren oinarriez jabetuko dira, bai eta artxiboek digitalizazioari lotuta dituzten helburuez ere. Irudia digitalizatutakoan, horren tratamenduaren inguruko praktikak egingo dituzte, ezaugarri optikoak proiektu bakoitzak eskatzen duen horretara egokitzeko.

  • Bideoak digitalizatzea

    Material magnetikoak arriskuan daude. Hurrengo hamarkadaren amaierarako, formatu horietan gordetako eduki asko eta asko galdu egingo dugu. Balio handiko edukiak denboran iraungo dutela ziurtatzeko eskura dugun tresna bakarra digitalizazioa da. Ikastaro honen ardatza bideo magnetikoko materialak ebaluatzea eta digitalizatzea da. Material horien deskribapen fisiko eta kimikoa aztertuko dugu nola hondatzen diren ulertzeko, hondatze prozesua leuntzeko eta tratamendu egokia emateko, eta digitalizazioaren prozesu teknikoei bereziki erreparatuko diegu. Ikasturte honetan, ikasleek bitarteko magnetikoen hondatzea nola ebaluatu behar den ikasiko dute, horien digitalizazioa nola planifikatzen den eta behar bezala babesteko berariazko premiak zeintzuk diren ulertuko dute. Ikasturtearen amaieran, laborategiko rack-a erabilita bideo magnetikoko materialak nola digitalizatzen diren jakingo dute.

  • Tratamendu digitalak irudietan

    Ikastaro honen helburua da filmak zaharberritzea helburutzat duten tresnak ulertu eta ezagutzea DaVinci Resolve 15 softwarearen bitartez, eta, aldi berean, egiazko adibideak erabiliz, material zinematografikoa zaharberritzeko tekniken aplikazioa ulertzea, baita zalantza teknikoak argitzea ere.

  • Material fotokimikoen narriadura eta zaintza

    Material fotokimikoen printzipioak eta obrarekin bere erlazioa ulertzea. Bere oinarrizko ezaugarri fisikoak, kolore sistemak, materialen narriadura eta ohiko kalteak. Zaintzako eta zaharberritzeko lanetarako plangintza.

  • Soinuaren zaharberritzea

    Ikastaro honetan, ikus-entzunezko proiektuen soinu-bandekin lan egitean sortzen diren arazo eta konponbideak aztertuko ditugu, soinu-banda horiek epe luzera identifikatzeko, zaharberritzeko eta konserbatzeko prozedurei erreparatuta.

  • Filmen zaharberritzea

    Filmak zaharberritzearen arlo konplexuari helduko zaio, ikus-entzunezkoen kontserbazioari lotutako askotariko arloetako ezagutzak eta lanak kontuan hartuz. Ikasleek zaharberritzeko obrak nola aukeratzen diren ikasiko dute, bai eta ikerketaren ikuspegitik zaharberritze proiektu baten prozesu luzea nolakoa den ere. Horiez gain, aztergai izango dira irizpide eta kontserbazio elementuak sortzeko merkatuak gau egun eskaintzen dituen aukerak.

  • Zaintza digitala

    Zaintza digitalaren estrategia ezartzeko behar diren dokumentu digitalak eta azpiegiturak aztertuko dira. Ikasleek gaur egun garatzen ari diren teoriak eta praktikak ezagutuko dituzte, bai eta hainbat erakundetan aplikatzen diren irizpide eta kontserbazio politikak ere.

  • Irudi fotokimikoa. 16 mm laborategia (III)

    Laborategiko prozesuetan sakonduz, ekipamendu profesionalaren praktika bat egitea proposatzen da: errebelatzea, kopiatzea eta positibatzea, prozesagailu jarraituan eta kontaktu bidezko kopiagailuan (Contact Printer), kolorea zuzentzeko sistema analogikoarekin. Sarrera teorikoaren ondoren, ikasleek sortutako filmen kopiak egiteko eta azken errebelatua egiteko hainbat proba eta test egiten dira. Errebelatzea eta kopiatzea irudiak eraikitzeko prozesuaren alderdi teknikoak izaki, sorkuntza lerro bat marraztuko da, aukerak areagotu egiten baititu prozesu horiek zinemagileak berak zuzenean egiten dituenean.

  • Ikus-entzunezko bildumak kudeatzea

    Edozein material mota inguratzen duten giroko baldintzak funtsezkoak dira material hori epe luzera kontserbatzeko. Ikus-entzunezko agiriek askotariko materialak erabiltzen dituzte euskarri gisa. Material bakoitzaren beharrak ezagutzea eta biltegiratze baldintzak kudeatzea ezinbestekoa da bildumen bizitza luzatzeko. Ikasgaian hizpide izango dira ikus-entzunezko materialaren kudeaketaren estandarrak eta eztabaidak, eta hainbat kasu-azterketa analizatuko dira, kontuan hartuko dutenak artxibo mota horren heterogeneotasuna, testuinguruari eta aurrekontuari dagokienez, bilduma pribatuak, domestikoak eta erakunde historikoenak konparatuta. Ikasgaiaren helburua da gako batzuk ematea ikaslea moldatu ahal izateko artxibo-munduaren errealitate ezberdinetara, eta lortu ahal izateko ikus-entzunezko bildumak kontserbatzeko plan estrategiko bat planteatzeko eta abian jartzeko ahalmena.

  • Complex Mediako bildumen kudeaketa eta tratamendua

    Ikus-entzunezko dokumentuak ez dira soilik zinemateka edo film artxiboenak. Ikus-entzunezkoa beste hainbat arlotan, esate baterako artean, ere erabiltzen den euskarri edo adierazpidea da Hori horrela, arte garaikideko museoetara ikus-entzunezko bildumak iristen dira, zeinetan nahastu egiten baitira askotariko euskarri eta teknologiak, tratamendu eta kudeaketa espezifikoa behar dutenak.

  • Kode irekiko tresna digitalak ikus-entzunezko artxiboetarako

    Eskolaren hasieran artxibo formatuei buruzko sarrera bat egingo dugu. Oinarri horren gainean, ikasleek software librea eta kode irekiko softwarea modu praktikoan aztertuko dituzte, hala nola FFmpeg (artxiboen konbertsioa), QCTools (kalitate kontrola), AEO-Light (soinu optikoen pistak ateratzeko) eta DCP-o-matic (DCPak egiteko), baita multimedia irakurgailuak ere. Filmak eta bideoak digitalizatzeko azpiegiturari eta lan prozesuei dagokienez, hainbat baliabide aurkeztu eta horiei buruz eztabaidatuko dugu, eta aurrekontu txikiko ingurune zailetan ezartzeko moduko aukerei bereziki erreparatuko diegu. Eskola bukatzeko, datuak gordetzeari eta datuen migrazioari buruzko deskribapena egingo dugu, eta hondamendien plangintza eta berreskuratzea ere aztertuko ditugu.