-
Ikus-entzunezko ondarearen hastapenak eta historia
Moduloa: 1
Ikus-entzunezko egintzaren industria izaerak berarekin ekarri du arlo horretako aurrerapen teknologikoek benetako kataklismoak eragitea bere historian. Azken 120 urteetan, atrakzio zinematik zinema narratibora igarotzeak, metraje luzeko filmak programazio oinarri gisa estandarizatzeak, soinu, kolore edo pantaila zabala eskala handian erabiltzen hasteak, zelulosa nitratoa euskarri fotokimiko gisa erabiltzeari uzteak edo irudien sorkuntza, hedapen eta merkaturatzean bitarteko elektronikoak eta teknologia digitala sartzeak eragin dute ondoriozko hizkuntza iraultzak sortzea eta baita materiala suntsitzeko boladak izatea ere. Horiek artxibo zinematografikoak sortzera bultzatu zituzten partikularrak eta administrazioak. Bost eskola hauek ikus-entzunezko lanaren erreproduzigarritasunari eta haren adierazpenei buruzko oinarri teorikoa aurkeztuko dute, industriak erabiltzen dituen prozesuez gainera –eta, horrenbestez, artxiboetan daudenak– hiru denbora tarte handi desberdinetan: 1896-1930, 1930-1980 eta 1980-2010. Santiago Aguilar, Luciano Berriatua, Alfonso del Amo eta Laura Cortés Selvaren parte-hartzearekin.
-
Jatorrizko emultsioen artea
Moduloa: 1
Emultsio fotokimiko artisauen produkzioa ezagutzen hasteko proposamena egiten da tailerrean. Arkeologia filmikoa da tailerraren abiapuntu, baina sorkuntzarekin lotutako alderdi garaikide ugari agerian uzten ditu. Materialtasunaren historian interesa dutenentzako tailerra da, baina zinema ideiak, irudiak eta soinu banda biltegiratzeko bitartekotzat ez ezik, pentsamendu, irudi eta soinu horiek sortzen eta modu aktiboan desitxuratzen dituen materialtzat ere hartzen duten zinemagileei ere zuzentzen zaie.
-
Artisten irudiak mugimenduan eta dokumentalaren bira
Moduloa: 1
Ikasgai honetan, aztertuko da dokumentalak zergatik eta nola hartu duen hainbesteko indarra mugimenduko irudien jardun garaikidean, eta arreta berezia jarriko da dokumentalaren formarekin erlazionatutako uste tradizionalak eta objektibotasunarekin, benetakotasunarekin eta berehalakotasunarekin duten lotura zalantzan jartzen dituzten filmetan. Ikusiko dugu hainbat artista-zinemagilek errealitatearen eta haren irudikapenaren arteko erlazio konplexuak eta askotarikoak ikertu dituztela. Harreman horiek zinemaren tradizio dokumental luzea hedatu, zabaldu eta gezurtatzen dute, gaur egungo baldintza sozial, geopolitiko eta teknologikoen argitan.
-
Hodeien dramaturgia
Moduloa: 1
Nefologia-tailer laburra zinemagileentzat, non ibilbide labur bat egiten den pinturaren historian hodeien irudikapenean, zeruak behatzeko oinarrizko tresnak bilatzen diren eta hodeiek zineman duten garrantziaz hausnartzen den. "Zeruko pantailara" hurbiltzeko modu bat, irudiak irudikatu eta proiektatzeko espazio bat, pinturaren historia zinemarenarekin lotzen duena.
-
Ametsa soinu
Moduloa: 1
Ametsaren prozesuak ez ditugu sarri, edo ez ditugu inoiz, entzumenarekin lotzen. Arrazoi biologiko soila izango du horrek, seguruenik: amesten dugun bitartean, bertan behera uzten dugu ikusmena, beste irudi birtual batzuez gozatzeko. Entzumena, baina, beti dugu adi. Beti dago prest atsedenak ikusmenari nahitaez dakarkion sakrifizioa konpentsatzeko. Beraz, arraroa izan badaiteke ere, ez dago amets soinudunik. Ametsetako edozein soinuk ezinbestean egon behar du irudi bati lotua, izan irudi abstraktua, izan figuratiboa. Tailer honek hausnarketa bat proposatzen du lozorroko entzutearen inguruan (iheslaria, arretarik gabea, subjektiboa, urrunekoa, zehaztugabea…), entzunaldien, entzute-saioen, eztabaiden, grabazioen eta narrazioen bidez. Asmoa da gure soinu-narratibak eraikitzeko oinarrizko kontzeptuak berraztertzea (soinu-diseinua, narratiba klasikoak, ahozkotasuna…), soinu-bitartekoak hizkera moduan ematen dituen aukerak birpentsatzeko. Gonbidapen bat, argirik gabeko, letrarik gabeko eta eserlekurik gabeko zinema imajinatzeko, azken finean, irudiaren amets bat imajinatzeko.
-
Film in space
Moduloak: 1, 2, 3, 4, 5, 6
Tabakalerak Berlinen bizi den Florian Wüst editore, artista eta zinema kuradoreari eskatu zion kuradoretza lana egiteko zinema esperimentalaren historiarekin eta gaur egunera arteko ordenagailu bidezko artearekin eta bideo-artearekin lotutako bi zinema erakusketa handitan. Lehenengo edizioa, “Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora”, 2020aren amaieran inauguratuko da, eta lau hilabeteko iraupena izango du, proiekzio eta emankizun programa bat barne. Erakusketa hau “ikasgela” gisa erabiliko da ikasturte honetan, eta helburu izango du kuradoretzaren berariazko ikuspegiaren ebaluazio bateratua egitea, filmen, artxiboko materialen eta bestelako baliabide artistikoen arteko konexio ez kanonikoak bilatzeko. Hausnarketa bateratu hori gure kultura digitalaren testuinguru garaikidean zinematografia lan historikoak aurkezteari buruzkoa ere bada. Lehen fasearen ondoren, ikasturteko proposamen nagusia egingo da: parte hartze aktiboa kuradoretzako ikerketan eta “Zin Ex.”en bigarren edizioa (2021).
-
Zinemaldia eraikitzen
Moduloak: 1, 4, 5
Donostiako Zinemaldiak zuzendutako irakasgaia da, eta egituratuko da zinema jaialdien iragana, oraina eta etorkizuna ardatz hartuta. Iraganari buruzko saioetan, nazioarteko jaialdien historia konparatua eta Donostiako Zinemaldiaren historia espezifikoa jorratuko dira. Oraineko saioak, berriz, ikasleen eta Donostiako Zinemaldiaren taldeko kideen arteko elkarrizketa luzeak izango dira. Etorkizuneko saioak, azkenik, hautaketari eta programazioari buruzkoak izango dira esklusiban, eta zinemaren hainbat esparrutako gonbidatuak etorriko dira, jaialdien etorkizuna irudikatzen laguntzeko.
-
Soinu zinematografikoaren behatoki iraunkorra
Moduloak: 2, 3, 4, 5
Behatokia zeharkakoa izaten da ikasturte osoan, eta soinuarekin lotutako prestakuntzako, praktikarako eta ikerketarako gunea izaten da. Gai finkoak izateaz gain, taldekideen premietara eta unean uneko premietara egokitzen da; horregatik, praktikarekin eta egiten ari diren proiektuekin lotuta egoten da, bai soinua hartzean, bai postprodukzioan. Gainera, Behatokiak beste ikasgaiekin konexioak ere egiten ditu, soinuaren arloan oinarrituta, eta ikasturte osoan oihartzunen ganbera bat sortzen da.
-
Beste zinema kamera
Moduloa: 2
Zinematografoaren hastapenetan, irudiak erregistratzen zituen kamerak irudi horiek proiektatzeko ere balio zuen. Une bat harrapatzeko biradera aktibatzen zuen operadorea bera arduratzen zen arrasteko engranajeari bira eginarazteaz, filma errebelatu ondoren irudi horiek berak pantaila batean partekatzeko. Zein unetan bereizi ziren bi eginkizun (eta bi kamera) horiek eta, batez ere, zer ondorio izan zituen horrek? Zergatik ikusten dugu proiekziogilearen lanbidea, gaur egun eta ia-ia filmaren arrastea mekanizatu zenetik eta banaketa zirkuituak sortu zirenetik, kamera operadorearen lanbidearekiko hain arrotz eta hain urruneko? Cinématèque Française erakundearen sortzaile Henri Langlois-ek zioen bere zinema kamera proiektatzeko kamera zela; baieztapen horrek proiekzioaren artea aldarrikatzearen garrantzia nabarmentzen du. Ikasgai honetan, unitate zahar eta jatorrizko hori berreskuratu nahi da, ikuspegi bikoitz batetik begiratuta. Ikuspegi teoriko-kontzeptuala bata, giza kulturan proiekzioari (itzal eta argi konoari) buruzko hausnarketa ia genealogikoa eginez. Ikuspegi zabalagoa eta tekniko-praktiko zorrotza bestea, antzinakoa den eta ahaztuta dugun baina jatorriz zinematografikoa den lanbide hau ikasteko: proiekziogilearen lanbidea. Carlos Muguiro eta Asier Armentalekin.
-
Film eta bideoa arte garaikidearen espazioan
Moduloa: 2
Sakon aztertuko ditugu film eta bideoen erakusketak arte garaikidearen espazioetan. Modulu honek zinemagintza esperimentala, bideo-artea, zinema politikoa zein artisten film eta bideoen erakusketak, 1990eko hamarkadaren hasiera ezkerokoak, izan dezakeen bilakaera aztertuko du; erakundeek eta arte garaikidearen diskurtsoek hainbat film- eta bideo-kulturatan egindako egokitzapenak landuko dira, eta baita film eta bideoak galeriatan proiektatzearen alderdi praktikoak ere.
-
Euskal zinema: historia duen zinematografia, gorantz datorren zinematografia
Moduloa: 3
Irakasgai honek euskal zinemara gerturatzea proposatzen du. Euskal zinemaren jaiotza eta gaur egunera arteko bilakaera zehazteko historikoki testuinguruan kokatzearekin hasiz, euskal zineman zehar errepaso kronologiko eta tematiko bat egingo du, eta sorreratik gaur egunera arte nabarmendutako euskal zinemagileak azalduko ditu; arreta berezia jarriko du gaur egungo euskal zinemagile aktiboen hiru belaunaldietan (edo gehiagotan).
-
Azpitituluen tailerra
Moduloa: 3
Azpitituluei buruzko hastapen tailer horretan, azpitituluak jartzeko prozesua osatzen duten fase guztietara hurbilduko dira ikasleak, labur baina sakon. Bereziki saiatuko gara alderdi teknikoak eta praktikoak argitzen, eta arreta txikiagoa eskainiko diegu ikus-entzunezko itzulpenaren xehetasun espezifikoei, horiek Zinema ikasleentzat baino egokiagoak baitira Itzulpengintzako ikasleentzat. Tailer honen ondoren, azpitituluen fitxategi mota desberdinak sortu eta maneiatzeko gai izango dira, beren ikus-entzunezko piezetarako.
-
Pentsatzen duen forma. Bideo-entsaiuaren hastapenak
Moduloa: 3
Idazketa eta pentsaera kritikoaren programaren jarraipena. Oraingoan, irudidun idazketatik sortutako pentsamenduaren sorrera lantzen da. Garrantzi berezia emango zaio ikus-entzunezko saioak garatzeari, zinemaren beraren baliabideekin sortutako pentsaera kritikoa sustatzeko asmoz.
-
Musikak pentsatzen duena
Moduloa: 3
Zer irakasten digu musikaren teoriak zinemagileei? Ikasgai honetan, musikaren konposizioaren eta egituraren kontzeptuetara hurbiltzea proposatzen da eta, terminoa zabalduz gero, baita beste diziplina artistiko batzuetara ere, zinemaren bi tresna estetiko horiek zalantzan jarri eta bide berriak arakatzeko asmoz.
-
Zinema, gorputza eta performance-a
Moduloa: 4
Zinema-eskultura-dantza loturaren oinordeko den lurralde batetik, irudi filmikoa agertzeko eta adierazteko baldintzak aldatzen dira. Gailu filmikoaren, ikusleen eta proiekziogilearen presentzia nabarmenduta, zinema hedatuak gorputzen presentzialtasunarekin izan duen luzaroko lotura arakatuko dugu, hemen eta orainaren berehalakotasuna, eta zinemako espazioaren eta baldintza espazialen zuzeneko esperientziaren nagusitasuna dimentsio plastikoan, geometrikoan, fisikoan, komunitarioan eta sozialean. Zeluloidea material gisa, zinema arte mota a-diziplinar gisa, eta proiekzioa site-specific eta iraupenezko prozesu gisa landuko ditugu. Esperimentazio performatiborako tokia sortzea da kontua, planteamendu koreografikoak ez ezik, ekintza artea, esku-hartze zehatzak edo hitz egindako filmak ere bilduko dituena —betiere zinemaren ideia hedatua eta espazioan duen erresonantzia izanik abiapuntu.
-
Ikerketa, komisariotza eta sorkuntza zinema militantearen artxiboari buruz
Moduloa: 4
Ikasgai honetan, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako zinema militantearen kulturei buruz berriki garatu diren ikerketako, komisariotzako, artxiboko eta sorkuntzako jardunbideak arakatzea proposatzen da. Helburua zera da, orainalditik, zinema gailenaren historiatik bazterrean geratu diren esperientziak modu kritikoan berraztertu dituzten gailuak eta tresnak aztertzea. Komisario, zinemagile eta ikertzaileek zinema militantearen artxiboarekin izandako solasaldi kritikoen azterketan oinarrituta, elkarrekin hausnartuko dugu aztergai hau gainditzen duen galdera bati buruz: nola jarrai dezakegu pentsatzen eta praktikan jartzen zinemagintzako irudiaren ahalmen politikoa?
-
Complex Mediako bildumen kudeaketa eta tratamendua
Moduloa: 4
Ikus-entzunezko dokumentuak ez dira soilik zinemateka edo film artxiboenak. Ikus-entzunezkoa beste hainbat arlotan, esate baterako artean, ere erabiltzen den euskarri edo adierazpidea da Hori horrela, arte garaikideko museoetara ikus-entzunezko bildumak iristen dira, zeinetan nahastu egiten baitira askotariko euskarri eta teknologiak, tratamendu eta kudeaketa espezifikoa behar dutenak.
-
(ikus-entzunezko) Unibertsoen eraikuntza
Moduloa: 4
Ikasgai honetan, modu espezifikoan lantzen dira soinu-unibertsoen diseinuaren eta eraikuntzaren etapa guztiak: ideiagintza, lan-jarraibideak, irudiarekiko harremanak, soinutik sortutako proiektuen eraketa, nahasketa, etab. Irudien eta soinuaren zentzumen anitzeko indarra. Irudi eta soinuen zentzumen-estimulazio sinestesikoa eta haien indar paradoxikoaren artikulazioa zinemagintzan.
-
Digital to film
Moduloa: 4
Filmaren grabazio digitala funtsezko tresna bihurtu da proiektuak film formatuan aurkeztu behar dituzten zinemagile eta artista digitalentzat. Teknika honetan, irudi digitala transferitzen da zinema itxura lortzeko eta, horretaz gain, hasieran filmean grabatutako proiektu batean elementu digitalak eta efektu bereziak txertatzeko aukera ere ematen du. Teknika honek eskaintzen dituen sorkuntzako aukera guztiak arakatuko ditugu tailerrean.
-
Kode irekiko tresna digitalak ikus-entzunezko artxiboetarako
Moduloa: 5
Eskolaren hasieran artxibo formatuei buruzko sarrera bat egingo dugu. Oinarri horren gainean, ikasleek software librea eta kode irekiko softwarea modu praktikoan aztertuko dituzte, hala nola FFmpeg (artxiboen konbertsioa), QCTools (kalitate kontrola), AEO-Light (soinu optikoen pistak ateratzeko) eta DCP-o-matic (DCPak egiteko), baita multimedia irakurgailuak ere. Filmak eta bideoak digitalizatzeko azpiegiturari eta lan prozesuei dagokienez, hainbat baliabide aurkeztu eta horiei buruz eztabaidatuko dugu, eta aurrekontu txikiko ingurune zailetan ezartzeko moduko aukerei bereziki erreparatuko diegu. Eskola bukatzeko, datuak gordetzeari eta datuen migrazioari buruzko deskribapena egingo dugu, eta hondamendien plangintza eta berreskuratzea ere aztertuko ditugu.
-
Argitalpenak eta zinema: papera, pantaila, testua eta irudia mugimenduan
Moduloa: 5
Bi ingurune horien arteko harremanen azterketa, irakasleen esperientzia profesionalen artean hautatutako argitalpen eta erakusketa batzuk oinarri hartuta. Planteatzen da ikuspegi subjektibo bat erabiltzea, emaitzetatik haratago joan eta prozesuak ere kontuan hartuko dituena, haietan izandako zailtasunak eta porrotak barne. Bereziki, sorkuntza artistikoaren eta filmikoaren esparruko erreferenteak aipatuko dira (egileak, lanak, kontzeptu teorikoak), eta irakasgaiaren dokumentazio gehigarriarekin osatuko dira.
-
Tindatzeen tailerra
Moduloa: 5
Hasi zenetik, zinema baliabide koloretsua izan da eta prozesu ugari sortu dira zuri-beltzeko filmari kolorea emateko, hala nola tindatze eta biratze prozesu kimikoak, eskuz margotzea, Technicolor teknika eta emultsio modernoak lortzea; zineman beti erabili izan da kolorea adierazpide artistiko moduan. Tailer honetan, zinemaren jatorrizko kolorea eta teknika horiek zinemagile eta artistei eskaintzen dizkieten aukera estetikoak aztertuko ditugu.
-
Inprimagailu optikoa: denboraren makina txikia
Moduloa: 5
Positibo baten kopia egiteko, jatorrizko materialaren tamaina aldatzeko eta, aldi berean, filmetan efektu bereziak sortzeko erabiltzen da. Inprimatze optikoa postprodukzioko teknika digitalak sortu aurrekoa da. prozesu honetan, irudia fotograma batean inprimatzen da eta kopiatzeko aukera ez ezik, aldatzeko aukera ere ematen du. Tailer honetan, gailuak eskaintzen dituen sorkuntzako aukerak eta aukera estetikoak arakatuko ditugu.
-
Irudiaren tratamendu digitalak (II): Diamant
Moduloa: 6
Filmak zaharberritzeko Diamant softwarea filmak zaharberritu, garbitu eta konpontzeko tresna profesionala da. Kataluniako filmategiko arduradun digitalak ematen du tailerra, eta zaharberritze digitalaren prozesuan lan fluxua optimizatzen ikasiko dugu.