Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Elias Querejeta Zine Eskolak 2018-2019 ikasturteko memoria argitaratu du

"HIPOTESI(S) 1:" eskolaren lehen argitalpena ere aurkeztu da

2020/03/13

Dokumentuak zentroaren lehen urte akademikoaren garapena islatzen du

Elias Querejeta Zine Eskolak 2018-2019 ikasturteko memoria aurkeztu du. Bertan, ikastetxearen historiako lehen urte akademikoaren garapena islatzen da. Ikasturtea 2018ko irailaren 19an hasi zen, eta 2019ko abenduaren 20an amaitu.

Lehenengo ikasturtean, EQZEk bere proiektu pedagogikoa hedatu du, graduondoko hiru programaz osatua (Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza). Programa horiek beren kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru erakundeen ezagutza eremuetatik abiatuta eratzen dira:  Euskadiko Filmategia, Donostiako Zinemaldia eta CICC Tabakalera. Aldi berean eta zeharka, Ikerketa Sailaren lana garatzen ari da, esploraziorako, hausnarketarako eta berrikuntzarako lehentasunezko espazio bat finkatu nahi baitu. Ikasturte honetan, sail honek 4 proiektu berri jarri ditu abian ("Bere iragana beti da presente", "This Film is Dangerous", "Zinemaren artisauak" eta "Zinemaldia 70: istorio posible guztiak") eta 3 ikerketa ekintzatan parte hartu du, ikasle askoren inplikazioarekin.

Eskolako irakasleak (Euskadiko Filmategiko, Donostiako Zinemaldiko eta CICC Tabakalerako taldeak barne), zinemaren arloko profesionalak (zinemagileak, jaialdietako ordezkariak, erakundeak, filmotekak, museoak, kolektiboak...) eta Donostiako Zinemaldiarekin batera antolatutako Kritika eta Analisi Bileren Mintegira gonbidatutakoak kontuan harturik, gutxi gorabehera ehun bat profesionalek bisitatu dute eskola 2018-2019 ikasturtean.

2018-2019 ikasturteko memoria jasotzen duen dokumentuak 5 alderdi azpimarratzen ditu:

 

1. Ikasleen proiekzioa

Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleek ikasturtean zehar egindako lanaren emaitza dira zinematografia proiektu ugari, hiru kategoria nagusitan banatuta:

  a. Sorkuntza proiektuak (filmak, instalazioak): 27 film amaituta eta 30 garatzen.

  b. Komisariotza proiektuak (zikloak, argitalpenak, erakusketak): 11 proiektu amaituta eta 8 garatzen.

  c. Artxibo, zaharberritze eta zaintza proiektuak: 16 proiektu amaituta eta 3 garatzen.

Ikastaroa ematen den 15 hilabeteetan egindako lanaren beste emaitzetako bat da HIPOTESI(S) 1 liburua: Komisariotzako ikasleek urtero argitaratuko dituzten argitalpen tematiko eta aldizkakoen ildoari ekiten dio. Lehen liburuki honetarako aukeratu den gaia da eraldaketa.

Era berean, ikasleek eskolako ikerketa proiektuen esparruan egindako lanaren berri ematen du memoriak. Proiektu horietan ikertzaile gisa parte hartu dute, eta nabarmen lagundu dute ikastetxeko emaitzetan eta ikerketa produktibitatean.

Azkenik, ikasle neska eta mutilen helmuga profesionalaren berri ere ematen du dokumentuak, eta informazioa jasotzen du eskolatik igaro berri direnek lortutako beka, egoitza artistiko eta funtsei buruz, dokumentuaren edizioa itxi arteko dataz, bai eta lan kontratazioa gertatu den kasuei buruzko informazioa ere.

 

2. Lankidetza akordioak eta hitzarmenak

Bere lehen ikasturtean, Elias Querejeta Zine Eskolak akordioa lortu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin, euskal unibertsitateari atxikitako zentro bihurtzeko.  Sinatutako hitzarmenaren arabera, EHUk 2019ko otsailaren 1etik aurrera onartzen ditu eskolako egungo graduondokoak master propio gisa.

Bere lehen ikasturtean, Elias Querejeta Zine Eskolak akordioa lortu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin, euskal unibertsitateari atxikitako zentro bihurtzeko.  Sinatutako hitzarmenaren arabera, EHUk 2019ko otsailaren 1etik aurrera onartzen ditu eskolako egungo graduondokoak master propio gisa.

Aipatutako erakundeez gain, EQZE honako erakunde hauekin ere lankidetzan aritu da, programazioaren bidez edo programa akademikoaren eta ikerketa proiektuen garapenaren bidez: Iruñeko Udala, Bartzelonako CCCB Centre de Cultura Contemporània, Londreseko Cinenova banatzailea, Cervantes Institutua, LUX banatzailea, University of Calgary, VGIK (Panrusa Guerásimov Zinematografia Unibertsitatea), Jorge Oteiza Museoa Fundazioa, Istituto Internazionale Andrej Tarkovskij, eta zinemaldi hauek: Olatu Talka, Zinebi, Punto de Vista el festival, Zinetika, Euskal Zine Bilera eta Viennale.

 

3. Publikoari irekitako eskola

Elias Querejeta Zine Eskola 2018ko irailean sartu zen zinema partekatuko programazioaren proposamenean (pantaila partekatua), Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, CICC Tabakalera eta Donostiako Zinemaldiarekin batera. Esparru horren barruan, EQZEk hainbat ziklo jarri ditu abian (Eskolatik, Zinema Istorioak eta abangoardiako zinema ziklo bat), eta 30 bat film proiektatu ditu. Bestalde, EQZEk, Donostiako Zinemaldiarekin batera, jendaurreko jardunaldi bat antolatu zuen 2019ko abenduan, non aurkeztu baitziren trantsizioaren lehen urteen (1976-1980) gainean egindako "Zinemaldia 70. Istorio posible guztiak" proiektuaren lehen emaitzak. Eskolak parte hartu du Home Movie Day, Donostiako Etxeko Zinemaren Egunaren lehen ospakizunean, Menchu Gutierrez idazlearekin mintegi batean, eta Harkaitz Canorekin eta Rick Prelinger artxibozain, idazle, zine zuzendari eta hezitzailearekin tailer banatan.  Iruñean bertan, eskolako Komisariotza taldeak Beste argiak – Bestelako argiak bideo erakusketa antolatu du, hiriko Udaleko Kultura Sailaren enkargua jaso ondoren.

 

4. Beste programa batzuetan parte hartzea

Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatutako Ikusmira Berriak egoitza programan bazkide gisa sartu ondoren, Elias Querejeta Zine Eskolak aktiboki parte hartu zuen bosgarren edizioan.  Eskolako eta egoitzako agendak lehen aldiz gurutzatu ziren, egoiliarrei eskolako programa akademikoan sartzeko erraztasunak eta tutoretza pertsonalizatuak emanez. Seigarren edizioan, Ikusmira Berriak programan sartzeko bosgarren leiho bat sartu zen, EQZEn ikasitako ikasleentzat soilik. Deialdi honetan, programan parte hartzeko aukeratutako EQZEko ikaslea Gabriel Azorín izan zen, eta martxo honetan hasi du bere lehen bizileku-aldia.  Eskolako beste 8 ikasle aurkeztu ziren programara beren proiektuekin.

Bestalde, 2018-2019 ikasturtean, eskolak Tabakalerarekin batera Zinema (h)abian - Cinema en curs proiektuan parte hartzen jarraitu du. Proiektu hori A Bao A Qu kultur elkarteak sortu du, eta ikasturtean zehar bi ikastetxetan garatu da: Lasarte-Oriako Oriarte Institutuan eta Usandizaga-Peñaflorida Institutuan.

 

5. Etorkizuneko ikasleentzako beka eta laguntza programetan sartzea

Urteko beste lan ildoetako bat izan da etorkizuneko ikasleei laguntza ekonomikoa emateko iturriak bilatzea.  Ayuda Ibermedia funts iberoamerikarrak baliozkotu egin du Elias Querejeta Zine Eskolaren proiektua, eta Prestakuntza Programei Laguntzeko modalitatean hautatu du.  Funtsak 30.000 dolar eman dizkio EQZEri, mugikortasunerako eta etengabeko prestakuntzarako 10 beka sortzeko. Beka horien onuradun eskolako hirugarren promozioko ikasleak izango dira. Laguntza horiei gehitu behar zaizkie Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura Departamentuaren bidez, eskolaren prestakuntza jardueraren lehen urtetik ematen dituen hiru laguntzak, eta Olga Rabinovich Institutuaren Projeto Paradiso ekimenaren Paradiso beka, hurrengo promozioko brasildar ikasle bati beka emango diona.

Carlos Muguiro eskolako zuzendariaren ustez, memoriak "EQZEko ikasleen lehen promozioaren jarduera akademiko eta zinematografiko bizia laburbiltzen du" eta "benetan garrantzitsuena da, termino kuantitatiboetan neurtzen zaila dena, proiektu honek epe ertainean izango duen eraldaketa sozial eta pertsonalerako boterea".

DOKUMENTUA DESKARGATU