Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

  • Aldara Pagán

    2019/2020 Ikasturtea

    Aldara Pagán (Ourense, 1997) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduduna da Santiago de Compostelako Unibertsitatean. O que precede a caída é branco (2018) film laburraren zuzendaria eta protagonista da, eta Cans-eko (Galizia) Zinema Jaialdian fikzio eta animaziozko lan onenaren saria eman zion herritarren epaimahaiak lan horregatik. A outra mirada: cinema e muller jardunaldien antolatzaileetako bat da. Kritika zinematografikoko A Cuarta Parede aldizkari digitaleko erredaktorea da. Ourenseko Nazioarteko Zinema Jaialdiko OUFF EN CURTO sekzioan antolatzaile eta programatzaile aritzen da. Gazte Epaimahaiko kide izan zen Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioan eta Cineuropa Jaialdiaren 32. edizioan.

  • Alessandra Boulos

    2019/2020 Ikasturtea

    Alessandra São Paulon (Brasil) jaio zen, 1994an. Txikitatik izan du gustuko zinema eta 2017an Zineman graduatu zen FAAP Armando Álvares Penteado Fundazioan. Urte berean filmen banaketa etxe batean hasi zen lanean Brasilen eta komisariotzaren zale sutsu bihurtu zen. Banaketa etxe horrekin Brasilgo jaialdi nagusietan parte hartu du; besteak beste, hauetan: Olhar de Cinema – Curitibako Nazioarteko Zinema Jaialdia, Rio de Janeiroko Nazioarteko Zinema Jaialdia, Tiradenteseko Zinema Jaialdia, Janela Internacional de Cinema do Recife, Brasiliako Zinema Jaialdia eta Sao Pauloko Nazioarteko Zinema Jaialdia. Biziki atsegin du erakustaldiak egiteko aukera anitzak aztertzea.

  • Amat Vallmajor

    2019/2020 Ikasturtea

    Baix Empordà-ko herri txiki batean jaio zen, eta Ikus-entzunezko Komunikazioan graduduna da Pompeu Fabra Unibertsitatean. La Maleta eta La Perversión del signo film laburretan zuzendarikide eta Cendres film laburrean (MECAL Jaialdian hautatua) fotografia zuzendari izan zen; bestalde, berriki produktore eta protagonista izan da Cineclub fikziozko film luzean. Bideo editore, kamerari eta mixer gisa lan egin izan du telebistako zuzeneko programetan, La Fábrica de la Tele ekoiztetxearentzat. Bestalde, Donostiako Zinemaldian Gazte Epaimahaiko kide izan da bi aldiz.

  • Ane Zulaika

    2019/2020 Ikasturtea

    Komunikazioan graduduna da Deustuko Unibertsitatean, eta hiriko Giza Eskubideen Zinemaldian egin zituen praktikak. Egindako ikasketen osagarri, kolaboratzaile izan da CIMASUB zikloan eta Donostiako Zinemaldian, eta argazkigintzako eta zinematografiako ikastaroak egin ditu.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaren artisauak
  • Anna de Guia-Eriksson

    2019/2020 Ikasturtea

    Anna de Guia-Eriksson suediar eta filipinar jatorrikoa da eta, 2013an Londresko Queen Mary Unibertsitatean Literatura Konparatuan eta Zinematografia Ikasketetan ohorezko matrikularekin graduatu zenetik, Londresen bizi da eta bertan lan egiten du. Kamera laguntzaile gisa hasi zen lanean Anna, eta harrezkero hainbat rol bete ditu industria zinematografikoan (ikertzailea, produkzioko kudeatzailea, itzultzailea eta editorea izan da, besteak beste). Pasio handiz bizi ditu zinema eta haren emanaldiak, eta bi jarduerak analogotzat jotzen ditu. 2016an Filikino sortu zuen, irabazi asmorik gabeko zineklub bat, Londresko zinema areto independenteetan filipinar zinema klasiko eta garaikidearen emanaldiak egiteko asmoz. Filikino berak zuzentzen eta koordinatzen du, eta Londresen dagoen era horretako zineklub bakarra da.

  • Astrid Villanueva Zaldo

    2019/2020 Ikasturtea

    Muntatzaile, ikertzaile eta komisarioa zinema, argazkilaritza eta arte eszenikoko proiektuetako erakusketetan. Ikus-entzunezko piezen diseinuari ikerkuntza eta film nahiz dokumental artxiboen azterketa lotzen dio. Liburu zein espezializatutako aldizkarietan argitaratutako testuen egilea da. Villanuevaren ikasketen helburua da Mexiko kontaketa bezala artikulatzen duen ikus-entzunezko materiala.

  • Borja Rodríguez

    2019/2020 Ikasturtea

    Borja Rodríguez Gimeno (Vigo, 1997), Ikus-entzunezko Komunikazio Elebiduneko graduduna (Nafarroako Unibertsitatea). Seihileko bat egin zuen Eskozian, Stirling Unibertsitatean. Punto de Vista jaialdiko gazteen epaimahaikidea izan zen 2018an. Etxeko zinemako eta amateur zinemako artxibo, banaketa eta birziklatze tailer batean parte hartu zuen 2019an. Mugitzen ari diren irudien ikerketa eta azterketa interesatzen zaizkio. Gaur egun, zinemaren materialtasunarekin harremanetan jartzeko premia sentitzen du.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Belaunaldi galerak
  • Carolina Battaglini

    2019/2020 Ikasturtea

    Diziplina anitzeko artista honek fotografia, bideoa eta instalazioak jorratzen ditu. Fotografia Zuzendaritzako ikasketak egin zituen Buenos Airesko ENERC eskolan. Fotografia zuzendari gisa aritu izan da fikziozko filmetan eta dokumentaletan; hauetan, besteak beste: Bushra (2016), Hotel Recuerdo (2016), Remanso (2017), A donde quieras (2018). Gaur egun hainbat proiektu dauzka esku artean: bideo-egunerokoak, serie fotografikoak, eta Elija ensobrar sus negativos y sus recuerdos perdurarán por siempre instalazioa, aurkezten den bakoitzean mutatzen duena, argazkiekin eta aurkitutako objektuekin.

  • Daniela Delgado Viteri

    2019/2020 Ikasturtea

    Daniela Delgado Viteri Ekuatorren jaiotako ikus-entzunezko errealizadore bat da. Argentinako Zinema Unibertsitatean eta Frantziako Le Fresnoy - Studio National des Arts Contemporains eskolan estudiatu zuen. Prozesuen dokumentazioan lan egiten du beste batzuekin batera, parte hartzean oinarrituta, eta gehienetan fikzioa eta dokumentala nahasten ditu. Bere lanak hainbat mostra eta jaialditan ikusi izan dira, hala nola Rotterdam Film Festival, Rencontres Internationals eta CPH-DOX delakoetan. Erakusketetan parte hartu izan du eta egonaldiak egin ditu Argentina, Alemania, Detroit eta Italiako arte eskoletan. Quiton programazio laguntzaile gisa lan egin du eta Encuentros del Otro Cine (EDOC) Nazioarteko Jaialdiko hautaketa batzordeko kide izan da.

  • Diego Ginartes

    2019/2020 Ikasturtea

    Diego Ginartes (1983, Espainia) Helsinkin bizi da. Filmen programatzaile eta ekoizle gisa lan egiten du. Zinema eta Ikus-entzunezko Ikasketa Garaikideetako masterra dauka (Pompeu Fabra Unibertsitatea) eta Visual Arts gradua (São Pauloko Unibertsitatea). Cinemaissí zuzendu du, Finlandiako Zinema Jaialdi Latinoamerikarra, 2016etik 2018ra. Gaur egun, jaialdiko programa pedagogikoko (Cuarto Cine) proiektuen koordinatzailea da. New cinema/New talents jaialdia sortu zuen, proposamen ez konbentzionalak dituzten lehen eta bigarren film luzeak sustatzen dituen ekitaldi zinematografikoa. Filmen programatzaile gisa, beste proiektu batzuen artean, Other/Cinema zinema zikloaren kuradorea izan da, Critical Cinema Lab (Aalto University) taldeak ekoitzia, eta Tribeca Film Festival jaialdiko film laburren programazio taldean parte hartu du.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaldia 70
  • Elisa Massaro

    2019/2020 Ikasturtea

    1992an jaio zen, Erroman. Komunikazioko gradua eskuratu zuen, eta Kultur Antropologian espezializatu zen (Turingo Unibertsitatea). Dokumentalak interesatzen zaizkio, eta hainbat proiektu bisual egiten ari da Italiako unibertsitate horrekin Turingo komunitate filipinarrari, perutarrari eta boliviarrari buruz. Metodologia parte hartzailera hurbiltzen duten ikastaroetan parte hartzen du: espetxeetako memorien biografiak, bideo parte hartzailea eta komunitate antzerkia. Bere azken bideo esperientzia Espainian izan da, Iban Ayesta Aldanondoren Amores trashumantes proiektu dokumentalaren laguntzaile gisa jardun baita.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > This Film Is Dangerous
  • Flor Clérico

    2019/2020 Ikasturtea

    Flor Clérico argentinar produktore independente bat da. Zinema Zuzendaritzako ikasketak egin zituen Buenos Airesko Zinema Unibertsitatean (FUC) eta 2018an Torcuato Di Tella Unibertsitateko Zinema programan parte hartu zuen. Bere ekoizpenen artean hauek azpimarratu daitezke: Martín Piroyansky-ren Tiempo Libre (2014; Argentinako sareko telesail ikusiena), Verena Kuriren eta Sofia Brockenshireren Una Hermana (2015, Veneziako Biennale College irabazi zuena), El Ser Magnético film laburra (Bafici 2015, Cannesko Cinéfondation eta Torontoko Zinema Jaialdia), eta Mateo Bendeskyren Los Miembros de La Familia eta Laura Von Bierbrauerren eta Verena Kuriren Far From Us (2019ko Berlinalen estreinatutako film luzeak). Epaimahaikide izan zen 2015eko Donostiako Zinemaldiko Nest Film Students sekzioan eta 2017ko Buenos Airesko Gazte Artearen Bienaleko sareko telesailen sekzioan.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Belaunaldi galerak
  • Genesis Scarlet Valenzuela

    2019/2020 Ikasturtea

    Dominikar Errepublikan jaio zen 1988an. Antzerki ikasketak egin zituen Arte Dramatikoaren Eskola Nazionalean. Eskola berean Arte Plastikoen prestaketa ikastaroa egin zuen. 2014an Publizitatean graduatu zen eta diseinatzaile eta ilustratzaile lanetan aritu zen. Berriki Errealizazio karrera amaitu du Altos de Chavón-eko Zinema Eskolan. 2018an La Habanako Latinoamerikako Zinema Berriaren Nazioarteko Jaialdiko sail ofizialean parte hartu zuen, Industrializado film labur animatuarekin. Urte berean, Gidoi Idazketako lehen saria lortu zuen FONPROCINE Zinemaren Lehiaketa Nazionalean.

  • Helena Estrela

    2019/2020 Ikasturtea

    Helena Estrela Oporton (Portugal) jaio zen 1993an. Zineman lizentziatu eta zuzendaritzan espezializatu zen Lisboako Antzerki eta Zinema Eskolan, 2015ean. Arlo akademikoan, Teresa Villaverde portugaldar zuzendariarekin egin zituen praktikak eta, graduazio lanerako, Heroísmo film laburra zuzendu zuen. Film hori IndieLisboa Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatu zen, Lehiaketa Nazionalaren baitan, eta, harekin, film labur onenaren Feats saria irabazi zuen 2018an, FICUNAM Nazioarteko Zinema Jaialdian. Bela Mandil Helenak produzitu duen lehenengo filma da eta 2018ko Viennalen estreinatu zen.

  • Hella Spinelli

    2019/2020 Ikasturtea

    Montevideon jaio zen 1988an, Gizarte Komunikazioan lizentziatu zen, Narrazio Sortzaileko aipamenarekin (Universidad Católica del Uruguay), eta Arte Ederretako ikasketa aurreratuak egin zituen (Uruguaiko Errepublikaren Unibertsitatea). 2015az geroztik, Centro de Fotografía de Montevideo-ko (CdF) kuradoreen arloan lan egiten du eta 2017az geroztik, sail horren koordinatzailea da; bertatik kudeatzen ditu hiriko 10 erakustoki baino gehiagotarako argazki erakusketen zehaztapena eta ekoizpena. 2011n eta 2012an ekoizpen exekutiboko laguntzaile lanetan aritu zen Control Z Films eta Mutante Cine ekoiztetxeetan. Halaber, diseinatzaile, argazkilaritza eta narratibako irakasle lanak ere egin ditu. Bionimia film luzearen gidoia idatzi zuen, eta horri esker hainbat laborategi eta tutoretzatan parte hartu zuen.

  • Humberto Vallejo

    2019/2020 Ikasturtea

    Humberto Vallejo Cunillera Ikus-entzunezko Komunikazioko graduduna da (Nafarroako Unibertsitatea), Alumni beken programarekin. 2016an, zuzendaritza zinematografikoko ikastaroak eskaini zituen Escuela Altos de Chavón eskolan (Dominikar Errepublika). Chanel izeneko bere film laburra nazioarteko 30 jaialdietarako baino gehiagotarako aukeratua izan zen, besteak beste, honako hauetarako: Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdia, Habanako Latinoamerikako Zinema Berriaren Nazioarteko Jaialdia, Tampere Film Festival jaialdia eta Huelvako Zinema Jaialdi Iberoamerikarra. Gainera, hainbat sari ere jaso ditu, esate baterako: Serbiako Kustendorf International Film & Music Festival jaialdiko (Emir Kusturicak zuzendua) epaimahaiaren lehen sari berezia eta New Yorkeko Dominican Film Festival jaialdiko film labur dominikar onenaren saria. 2019an, Dominikar Errepublikako Zinema Zuzendaritza Nagusiak aukeratu zuen herrialde hori ordezkatzeko Malagako 22. Jaialdiko Malaga Talent Campus programan.

  • Inês de Lima

    2019/2020 Ikasturtea

    1995ean jaio zen, Portugalen. Lisboako Antzerki eta Zinema Eskolan graduatu zen, eta zuzendaritzan espezializatu zen. Gradua lortzeko egin zuen filma 2017ko Donostia Zinemaldian estreinatu zen. Argazkigintzako graduondoko bat egin zuen Lisboako Arte Ederren Unibertsitatean, eta Estetika eta Arte Ikasketetako graduondoko bat ere egin zuen. Gaur egun, Indie Lisbon zinema jaialdiko programatzailea da.

  • Irati Crespo

    2019/2020 Ikasturtea

    1996an jaiotako errenteriarra. Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen Mondragon Unibertsitatean eta aurten Madrilgo ECAM zineskolan Kritika Zinematografikoan master ikasketak egin ditu, Caiman CDC aldizkariaren eskutik. Madrilen, Matadero Kultur Zentroan ospatzen den INDIE & DOC Fest Cine Coreano zine erakusketaren 2019ko edizioa programatu du beste ikaskideekin eta FILMADRID jaialdiko V. edizioko sail ofizialaren berri eman du, kritika bitartez, Caiman zein Filmadrideko webguneetan. Donostian, hiru urtez jarraian egin du lan Donostia Zinemaldiko teknika sailean eta orain Kresala Zineklubeko lantaldean dihardu, programazio eta antolatze lanetan. Estreinaldietako zinema kritikak eta bestelako gogoetak idazten ditu Macguffin webgunean. Komisariotza ikasketak burutzeko unerik aproposena eta erakargarriena dela uste du, zinema pantaila tradizionalak sufritu dituen mutazioek ikus-entzunezkoak programatzeko aukera anitzak ekarri dituztelako.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaldia 70
  • Jessica Long

    2019/2020 Ikasturtea

    Jessica Australiako idazle/zuzendari eta bideo artista bat da. Duela gutxi eskuratu zuen Zinema gradua lehen mailako ohorezko tituluarekin. Harrezkero, Inaugural TWT Excellence Prize saria jaso du Apartment Block No.10 bideo artelanagatik eta UNSW Dean's List saria jaso du Private Parties graduondoko filmen sailagatik. Jessica 2018ko National Graduate Show erakusketarako aukeratua izan den Australiako 30 artistetako bat da, PICA erakundeak (Perth’s Institute for Contemporary Art) egina. Orduz geroztik, Australiako industria zinematografikoan lan egin du hainbat konpainiarekin (Lingo Pictures, Screentime, Fremantle, VIVID, Melbourne International Film Festival) eta aktibista dokumentalekin (Engage Media).

  • Jessica Y Lee

    2019/2020 Ikasturtea

    Jessica Y Lee Los Angelesen jaiotako dokumentalista da, eta New Yorken bizi da. NYU Tisch School of the Arts-en graduatu zen zinema eta dokumental ikasketetan. Icarus Film banatzaile independentearekin egin zuen lan film, arte, ekoizpen eta komunikabide digitalen zuzendari gisa, eta bideo ekoizle autonomoa izan zen The Whitney Museum of American Art erakunderako. Cineaste webgunearen zuzendaria da, bai eta Triple Canopy-ren bideo ekoizlea ere, New Yorken oinarrituta dagoen aldizkaria, eta horren bitartez bere lanak Kunsthalle Wien-en, Chicagoko Museum of Contemporary Art-en eta the RISD Museum-en erakutsi dira (edo erakutsiko dira).

  • Jone Aranzabal Itoiz

    2019/2020 Ikasturtea

    Arte Ederretan graduduna da UPV-EHUn (aipamena pinturan eta arte grafikoetan), eta Kultura Kudeaketan eta Politiketan Graduondokoa egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Bere lan ibilbidean, sorkuntza artistiko propioan aritu izan da eta, aldi berean, arte plastikoen arloko proiektu kulturaletan kolaboratu izan du (kudeaketa, diseinu, produkzio eta komisariotza lanetan). Bere ikerketa eremu nagusiaren osagarri gisa eta ikus-entzunezko sektorearen aukerek erakarrita, hainbat lan egin ditu sektore horretan eta, besteak beste, Donostiako Zinemaldiko Gazte Epaimahaiko koordinatzaile izan da. Azkeneko bi urteetan Francisco Rabaneda Cuervo Fundazioa martxan jartzen lagundu du, eta gaur egun bertan dihardu lanean, edukien garapenean. Orain, kulturaren esparruko topaguneak bultzatu nahi ditu, arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen munduen dikotomia atzean utzi eta sortzeko eta programatzeko forma berriak garatu ahal izateko.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Belaunaldi galerak
  • Jorge Castrillo

    2019/2020 Ikasturtea

    ESCAC-an (Escola Superior de cine y audiovisuales de Catalunya) graduatuta, argazkilaritza zuzendaritzan. Berezko proiektuak konbinatzen ditu teknikarekiko duen pasioarekin. Bere lehen film laburretatik izakera pertsonaleko zinemarekiko joera erakutsi du, eta bere karrerako azken film laburra, haurtzaroko lagunekin grabatua, Sevillako Zinemaldi Europarrean estreinatu zuten. Ondoren, Mexikora aldatu zen sorkuntza dokumentalen graduondo bat egiteko Centro de Capacitación Cinematográfican (CCC), eta Wadley film laburra egin zuen, gida bakartzat inprobisazioa eta behaketa duen saiakera – road moviea. Egun, hainbat proiektutan dago murgilduta.

  • Juliana Príncipe

    2019/2020 Ikasturtea

    Liman jaio zen. Zinema eta literatura zale amorratua da. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egin ditu Nafarroako Unibertsitatean, eta Cicatrices (2018) film labur dokumentala zuzendu du. Berriki, beka batean parte hartu du Nafarroako Unibertsitatearen Museoko Kuradoreen Sailean, digitalizazio eta kontserbazio lanak eginez. Interes handia du bereziki zinema dokumentalean eta film materiala berriztatzean.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > This Film Is Dangerous
  • Laura Moreno Bueno

    2019/2020 Ikasturtea

    Espainian jaio zen 1995ean eta Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egin zituen Juan Carlos Erregea Unibertsitatean. 2018an Biomas kolektiboa sortu zuen (mugimenduaren eta kameraren arteko erlazioa lantzeko eta haren inguruan hausnartzeko lantegiak). Argazki erakusketa batzuk egin ondoren, dokumentalaren formen inguruan ikertzen hasi zen eta gaur egun media analogikoaren eta digitalaren arteko erlazioaren inguruan esperimentatu nahi du. Ikus-entzunezko lanak: Habitar el Río (Madrilgo Matadero), Hábitat.

  • Lester Meno

    2019/2020 Ikasturtea

    Habanako Instituto Superior de Arte (ISA)-n graduatu zen 2011n. Orduz geroztik, obrak egiten ditu, eta ekitaldiak antolatzen eta ekoizten ditu hainbat mediotan, bere jatorrizko herrialdean ahuldutako pertsona eta espazioekin lankidetzan aritzetik abiatuta. La Maleza editorial independentearen sortzailea da. Abel González Fernández kuradore kubatarrarekin batera, 2019-2020an SIN349 izeneko bideo sail bat garatu zuen, Kuban adierazpen askatasuna erregulatzeko dekretu bat abian jartzeari erresistentzia erakutsi zion eszena artistiko eta kultural gazteari buruz. Sailak Next Generation beka jaso zuen 2019an (Prince Claus Fund).

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaren artisauak
  • Lorena Escala

    2019/2020 Ikasturtea

    Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egin zituen Limako Unibertsitatean. Zinemari buruzko ikerketa laguntzailea izan da, baita programazio laguntzailea ere Ventana Indiscreta eta Armando Robles Godoy areto alternatiboetan. Azken hori Peruko Kultura Ministerioarena da. Laguntzaile tekniko gisa lan egin du estatuak antolatutako proiektu zinematografikoen lehiaketetan. Limako Unibertsitateko zinema aldizkariko kolaboratzailea da. Ikus-entzunezkoen ikerketaren eta artxiboaren arloko lanak egin nahi ditu.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > This Film Is Dangerous
  • Magdalena Orellana

    2019/2020 Ikasturtea

    Magdalena Orellana (Buenos Aires, 1990) Buenos Aireseko Diseño, Arquitectura y Urbanismo Unibertsitatean trebatu zen, eta Zinema Dokumentalean, Madrilgo ECAM (Escuela de Cine y Audiovisual) eskolan. Aldi berean, beste bitarteko batzuk ere landu zituen, hala nola argazkigintza eta diseinu grafikoa. UnionDocs zentroko (New York) Collaborative Studio programan parte hartu zuen eta beste egonaldi artistiko batzuk ere egin zituen honako hauetan: Artistas en Residencia (CA2M - La Casa Encendida); V2_ Lab for the Unstable Media (Rotterdam); Hangar (Bartzelona); RIO (Buenos Aires), proiektu editorial autokudeatua, edizioa kolektiboki lantzen duen argitalpen homonimo sail batekin; eta Nuberu Bagu, Madrilgo ikus-entzunezko kolektibo bat, hainbat artista eta kolaboratzaile multzokatzen dituena, eduki librea eta independentea sortzeko asmoz. Lan horietako batzuk honako erakunde hauetan izan dira ikusgai: The Filmmakers’-Coop, Cine Estudio—Círculo de Bellas Artes, Cineteca, MediaLab Prado, BilbaoArte, CCCB eta Central Saint Martins. Harrezkero, hainbat bitartekorekin esperimentatzen du, kontuan izan gabe fikzioaren eta ez fikzioaren artean egon daitezkeen aldeak.

  • Maitane Ruiz Juarros

    2019/2020 Ikasturtea

    Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeko gradua du UPV/EHUn, eta Eraikitako Ondareen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketako masterra UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, non burututako proiektu pertsonalak zeluloidearen kontserbazioaren inguruan izan diren, alde batetik, eta Gipuzkoako garai bateko zinema esanguratsuen egoera aztertzearen inguruan, bestetik.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaren artisauak
  • Marc Barceló

    2019/2020 Ikasturtea

    Alforjan (Baix Camp, Catalunya) hazi zen eta Zuzendaritzan graduduna da ESCAC (Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya) eskolan. Mater Salvatoris film laburragatik sariak lortu ditu hainbat jaialditan (FIC-CAT Festival Internacional de Cinema en Català, Cortada-Vitoria, Medellingo FICME edo Londrinako (Brasil) KinoArte jaialdietan, esate baterako) eta finalista izan da Tel Aviv International Student Film Festival jaialdian. Sorigué Fundazioak bultzatutako Moviement arte kolektiboaren proiektuan parte hartu zuen, ECAM (Madril) eta ENERC (Buenos Aires) eskolekin batera. Literaturaren, tradizioaren eta zinemaren zale handia da, eta azken hori sorkuntzarako bide bat da beretzat, bai eta hausnarketa teorikorako eta poetikorako eremua ere. Kritikak idatzi izan ditu hedabide digitaletan eta Sitgeseko Zinema Jaialdiko Diari-n (2014 eta 2015). Dream Magazine arte aldizkarian ere parte hartzen du (fikzioa eta saiakera argitaratzen ditu bertan), bai eta plataforma digitalean ere, ikus-entzunezkoekin. Zinema txamanikoaren ideia ikertzen eta lantzen du, eta sorginkeria tradizionalaren inguruko film luze bat egiten ari da.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaren artisauak
  • Marcela Hinojosa

    2019/2020 Ikasturtea

    Mexiko hirian jaio zen eta Arte Bisualetan lizentziatu zen (Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa, UNAM). Zinema jaialdietako produkzioak eta emanaldiak koordinatu ditu, hala nola honako hauetan: Ambulante Dokumentalen Bira, Moreliako Nazioarteko Zinema Jaialdia, Giza Eskubideetako Zinemaren Nazioarteko Jaialdia eta ES.CINE. Jaialdietan lan egiten zuen bitartean, Calamari sortu zuen, 2006-2011 artean kultur bideoak garatu zituen ekoiztetxea. Kultura eta Arteetarako Funts Nazionalaren (FONCA) Gazte Sortzaileen bekaduna izan zen 2007-2008 artean bideo diziplinan, eta bideoarte proiektu bat sortu zuen. Mintegiak eta tailerrak egin ditu kuradore eta zinema arloetan honako hauetan, besteak beste: San Carlos Akademia, Gaikuntza Zinematografikoko Zentroa, Ro75 eta SOGEM. Halaber, Río Negro eta Río Escondido ekoiztetxeekin ere lanean aritu da. Azken horretan, Un retrato de Diego dokumentalaren zuzendaritzako lehen laguntzaile gisa jardun zuen. Lan hori Gabriel Figueroak eta Diego López Riverak zuzendu zuten 2006an.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaldia 70
  • Marcos García

    2019/2020 Ikasturtea

    Donostian jaio zen 1995ean eta 2013an Parisera jo zuen zinema ikasketak egitera. Oso atsegin zituen Cinémathèque Française eta Auzo Latinoko zinema aretoak, eta Zinema eta Ikus-entzunezko gradua egin zuen Paris 1 Panthéon-Sorbonne Unibertsitatean. Hurrengo urtean, Ikus-entzunezko Gidoien eta Idazketaren Masterra egin zuen Paris-Nanterre Unibertsitatean eta, ondoren, muntatzaile titulua lortu zuen Frantziako Zinemaren Kontserbatorio Librean (CLCF). Ikasketak gorabehera, hainbat proiektu pertsonaletan lan egin izan du. 2015ean, zuzendarikide izan zen Vinyland dokufikzioan (Donostiako Zinemaldian ikusgai egon zen); fotografiaz eta muntaiaz ere arduratu zen bertan. Ondoren, beste urrats bat eman eta bere fikziozko lehen film luzea idatzi, zuzendu eta muntatu zuen: El decimosexto sueño de un artista (Granadako Zinematistika Jaialdian hautatua izan zen, 2017an). Proiektu onirikoa da, baita surrealista ere une batzuetan, eta, ikuslearen arrazoia baino gehiago, haren intuizioa piztea du helburu. Gaur egun film labur bat prestatzen ari da, zuzendarikide eta muntatzaile gisa, eta, aldi berean, film luze baten gidoia idazten ari da.

  • Mariana Sánchez Bueno

    2019/2020 Ikasturtea

    Mariana Sánchez Bueno Bogotan (Kolonbia) jaio zen, eta Zinemako eta Arte Elektronikoetako graduaurrekoa eskuratu zuen (Bard College). Zinema esperimental garaikidearekiko duen interesari eta teknika esperimentalak bere jardunean bertan abian jartzeari esker, hainbat erakunderekin lan egin du, hala nola UnionDocs, Cinema Tropical, BAM, Electronic Arts Intermix eta Hudson haraneko LGBTI zentroa. Edizioan eta zuzendaritzan aritzen da, eta artxibo hezigarriak sortu eta zinema esperimentala programatzen du. 2019an, Mariana Ellipsis lanean jardun zen beste egile batzuekin batera. Sail horren helburua obra zinematografikoak konektatzea da, mendebaldeko kanonetatik at dauden hizkera estetiko eta literalen bitartez. Ellipsis lanak bere lehen iterazioa urte bereko maiatzean izan zuen, Spectacle Theater, Center for Performance Research eta Light Industry erakundeetan, New Yorken.

  • Martha Helga López

    2019/2020 Ikasturtea

    Martha Helga López La Pazen (Bolivia) jaio zen eta Madrilen bizi da. Zineman lizentziaduna da Camilo José Cela Unibertsitatean, Zuzendaritza Artistikoko espezialitatean. Hainbat film labur egin ditu zuzendari artistiko eta set property master moduan; haietako batek, Es decir, nosotros izenekoak, ikusleen saria lortu zuen 2016ko Sundanceko Vimeo Jaialdian. Era berean, bere lan esperimentalak eta dokumentalak zuzentzen ere ari da. Zinematografia aholkulari gisa ere lan egiten du kontserbazio proiektuetan eta, gaur egun, teknologiaren aroko autorretratuaren inguruko proiektu filmiko-fotografiko bat zuzentzen ari da.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaren artisauak
  • Martín Álvarez

    2019/2020 Ikasturtea

    Universidad Nacional de Córdoba-n zinema ikasketetako lehen urteak egin ondoren, batik bat kritikan eta programazioan jardun zen hiri berean. 2010 eta 2017 artean, Cinéfilo aldizkariko kritikaria eta editorea izan zen, baita izen bereko zineklubaren programatzailea ere. Gainera, zinema klasikoan espezializatutako Pasión de los Fuertes zikloaren programatzailekidea izan zen, Hugo del Carril udal zineklubean. 2017 eta 2019 artean, Los Angelesen bizi izan zen, eta 2018. urtearen erdialdeaz geroztik, laguntzaile lanak egin ditu Southern California Unibertsitateko Hugh M. Moving Hefner Archive artxiboan; hain zuzen, leku horretan egin zituen artxiboko praktiketako lehen ikasketak.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > This Film Is Dangerous
  • Min Young Park

    2019/2020 Ikasturtea

    Busanen jaio zen (Hego Korean). Unibertsitatean Zinema eta Bideoak espezialitatean graduatu ondoren, lehenengo lan esperientzian post-audio produkzio baterako lan egin zuen. Orain, Korean Film Archive-ko kidea da.

  • Natasha Gurfinkel

    2019/2020 Ikasturtea

    Zuzendaritzan graduduna da Buenos Airesko Zinema Unibertsitatean eta bi film labur zuzendu ditu: Un Clásico (Cartagena de Indiasko Nazioarteko Zinema Jaialdiko sekzio ofiziala) eta Camarín (Buenos Airesko Nazioarteko Zinema Jaialdiko sekzio ofiziala); bai eta musika bideoak eta bideo komertzialak ere. 2011z geroztik produktore lanetan dabil zineman nahiz publizitatean. Mundu osoko zinema jaialdietan (Cannes, La Habana, Korea, Miami edo Sundance, besteak beste) parte hartu izan duten film luzeak eta laburrak ekoitzi ditu eta koprodukzioak egin ditu beste herrialde batzuekin (Txile eta Uruguai, adibidez). Beste proiektu batzuetan ere parte hartu du: bideo-instalazioak, antzerkia eta musika. Gaur egun familiako artxiboko materiala berreskuratzen ari da bere opera primarako, eta bere lehen poema bildumaren edizioa amaitzen ari da, gaztelaniaz eta frantsesez.

  • Noemi Cuetos

    2019/2020 Ikasturtea

    Vitoria-Gasteizen jaio zen, eta Kazetaritzan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen (Nafarroako Unibertsitatea), Kultur Komunikazioko espezializazio diplomarekin. 2007az geroztik, nazioarteko hainbat zinema jaialditako komunikazio eta prentsa sailetan lan egin du: Punto de Vista, Edinburgh International Film Festival, Doha Tribeca Film Festival eta London Spanish Film Festival. Sei urtez, Documental Ambulante, A.C. dokumentalen erakundeko koordinatzailea izan zen. Erakunde mexikar horrek dokumentalen generoa sustatzen du aldaketa tresna gisa, zinema jaialdi ibiltari baten, landa eta indigenen komunitateen gaikuntzaren eta eragiteko asmoa duten kanpainekin filmak banatuz. Programazio zinematografikoaren eta ikus-entzunezko kuradoreen arloko tailerrak egin ditu, baita praktika artistiko garaikideak eta banaketakoak ere fikziozkoa ez den zineman. Halaber, Banaketa eta sustapen zinematografikoko irakaslea izan da Universidad de la Comunicación de la Ciudad de México-n.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaldia 70
  • Olatz Arrieta

    2019/2020 Ikasturtea

    Eibarren jaio zen 1997an, eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), ikusizkoen ikasketen eta multimedia produkzioaren eta errealizazioaren aipamenekin. Hainbat film laburretan lan egin du gidoilari gisa, besteak beste, Margozko begiak eta Ikusmiran lanetan. Azken horrek Gaztezulo sarietako lehen saria irabazi zuen 2018an. Irrati, lokuzio eta errealizazioko praktikak egin ditu Vitoria-Gasteizko Alde Zaharreko Elkartean. Zinema, gidoiak sortzea eta ikerketa ditu grina nagusiak.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaldia 70
  • Sandra García Bueno

    2019/2020 Ikasturtea

    Kantabrian jaio zen 1995ean. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egin zituen Pompeu Fabra Unibertsitatean eta, bertan, ikus-entzunezko hainbat proiektutan parte hartu zuen. Esparru horretan, 16mm-tan filmatutako El arquero (2016) film laburraren idazketan eta zuzendaritzan parte hartu zuen. Eta berriz ere, hiru lagunekin batera, Ojos negros (2018) film luzearen idazketan eta zuzendaritzan parte hartu zuen; film horrek hainbat jaialditan parte hartu du eta Malagako Zinema Jaialdiko Zonazine sekzioan saria lortu zuen. Gaur egun Artxibo ikasketak egiten ari da EQZEn.

  • Santiago Bravo Escudero

    2019/2020 Ikasturtea

    Arte Ederretan lizentziaduna da Sevillako Unibertsitatean, bai eta Zinematografian magisterra eta Kultura Ondarean doktorea ere (tesia: Jaime Rosales. La búsqueda de un lenguaje cinematográfico) Kordobako Unibertsitatean. Prestakuntza eta ikerketa akademikoa praktikarekin uztartzen ditu, proiektu pertsonalak garatuz eta beste proiektu batzuetan kolaboratuz; gainera, ikus-entzunezko lanak egiten ari da hainbat proiektu artistikotarako.

  • Silvia Cruz

    2019/2020 Ikasturtea

    Silvia Cruzek bere ibilbidea zinemako atal desberdinetan lan eginez hasi zuen. 2010. urtean, Vitrine banatzailea sortu zuen; 130 film baino gehiago banatu ditu, besteak beste, izenburu brasildarrak, nazioarteko koprodukzioak eta atzerriko filmak. Hauek dira arrakasta nagusiak: Aquarius (Kleber Mendonça Filho); Hoje Eu Quero Voltar Sozinho (Daniel Ribeiro); O Processo (Maria Augusta Ramos); Frances Ha (Noah Baumbach); eta Roma (Alfonso Cuarón). 2019an, Vitrinek izenburu hauek argitaratuko ditu, besteak beste: Divino Amor (Gabriel Mascaro) eta Bacurau (Kleber Mendonça Filho).

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaldia 70
  • Sofía Fernández Payró

    2019/2020 Ikasturtea

    Mexiko Hiria, 1992. Universidad Iberoamericana-n Artearen Historian lizentziaduna, zinema, artxibo eta ikasketa kulturaletara bideratua. Borondatezko Iraunkortasuneko Artxibo Zinematografikoko parte izanik, kudeaketa kulturala eta dokumentu eta film ondareen maneiu lanak egin ditu. Bere formakuntza UNAM Filmoteca-n (Martxoa, 2019) eta Indiana University-n jarraitu zuen, Biennial Audio-Visual Archival Summer School-en (Maiatza, 2019) parte izanik. Gaur egun, Mexikoko ikus-entzunezko artxibozain berriak entrenatzeko programa akademiko bat diseinatu eta kudeatu nahi du.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > This Film Is Dangerous
  • Sofía García Broca

    2019/2020 Ikasturtea

    Sofía “Garbro” Tabascon jaio zen, Mexikon. Diseinu Grafikoko ikasketak egin zituen UVMn (Universidad del Valle de México), Nafarroako Museo-Unibertsitateko Komisariotza Ikasketen Masterreko lehen promozioko ikasle izan zen, eta bideografo amateurra, dronen pilotua eta industriako bideo korporatiboen produktorea (Tabascon) izan da; 2018an, Tabascon ere, ilustrazio digitalaren inguruko erakusketa indibidual bat egin eta bertako kontserbazio lanak egin zituen. Beste gauza batzuen artean, kaleko fotografia anonimoaren zalea da eta 2019ko udan kontserbazioaren inguruko ikerketa bidaia egin du eta graduondoko praktikak egin ditu Frantzian, bilduma pribatu batean; hain zuzen ere, Art Déco delakoaren garaiko artista ahaztu baten inguruko erakusketa proiektu bat gauzatu du eta 5.000 piezatik gora biltzen dituen bilduma orokorra aztertu du.

    Ikerkuntza proiektu honetan parte hartzen du:

    > Zinemaldia 70
  • Sofía Petersen

    2019/2020 Ikasturtea

    Zinemagilea, argazkilari eta aktore argentinarra. Universidad del Cine-n trebatu zen zuzendari gisa, London Film School erakundean editore gisa eta Agustín Alezzoren eskolan aktore gisa. Bere lehen film laburrak, "Fratricidio", OTT eta Jóvenes en Foco jaialdietan parte hartu du. Bere bigarren film laburra zuzendu du, "Reminiscencias", eta bertan aritu da aktore gisa. "FullMoon" egin zuen Ryūichi Sakamotoren Async Film Festival jaialdirako, eta horrek Errusiako International Ecological Film Festival jaialdian parte hartu zuen. Bideo-performance bat zuzendu du, eta hainbat argazki erakusketatan parte hartu du. Azkena egin duen filma, "Symphony of the Being", postprodukzioan dago gaur egun.

  • Valentín Via

    2019/2020 Ikasturtea

    Ikus-entzunezko komunikazioan graduduna eta zinema eta ikus-entzunezko garaikideei buruzko masterra egindakoa Pompeu Fabra unibertsitatean. Halaber, muntaketa graduondokoa (IDEC) ere ikasi du, eta arlo teknikoan zentratu da. Biopolitikari eta erakusketetarako zinemari buruzko testuak argitaratu ditu E-Repositori gordailuan. Bestalde, 2017. urteaz geroztik Drac Màgic jaialdian laguntzaile eta parte-hartzaile aktiboa da, eta Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones jaialdiaren azken edizioetako programazio lantaldean jardun du. Gaur egun, esperimentalari, feminismoari eta memoriaondokoari buruzko ikerketa bat egiten ari da.