Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Elías Querejeta Zine Eskola proiektuen eskola bat da eta bakoitzean zinearen aitzinirudi bat: hipotesi bat

Zinemaren hipotesia terminoak erreferentzia egiten die biharko zinemagintzaren irudikapenean oinarritutako proiektu pedagogiko ezberdinei. Aipatu behar ditugu, zehazki, Ermanno Olmik eta Paolo Valmaranak Bassano del Grappan (Italia) sortutako Ipotesi Cinema eskola, eta Alain Bergalaren 2002ko L’Hypothèse cinéma: Petit traité de transmission du cinéma à l’école et ailleurs liburua. Bi ekimen handi horien omenez, Hipotesi deitzen diegu ikasleen lanei, zeinak, berez, zinemaren proiekzio bat baitira etorkizunari begira. Espezialitate guztietako ikasleek, eskolan dauden bitartean, amaierako proiektu edo lan bat egin behar dute. Zine Eskolak eskolaren plan pedagogikoa eta egitura hezurmamitzen ditu. Moduluen antolakuntzak aukera emango du ikasgai guztiak bidaia pertsonalaren inguruan egituratzeko, irizpidea zabalduz eta ideia propioak probatuz.

 

Hipotesiak

Kontzeptu honekin identifikatzen da amaierako ekitaldia edo ekitaldi saila, non ikasleek jendaurrean erakutsiko dituzten euren zinemaren hipotesiak, hau da, ikastaroan zehar egin dituzten lanak: irudikatu eta osatu dituzten filmak izan daitezke, baina baita ere sorkuntza proiektu utopikoak, ezinezko zinemaren irudimenak, filmatzen hasi diren pelikula baten zatiak, edo artxiboko nahiz arkeologia filmikoko jarduera planak.

Hipotesien gauzatze praktikoari dagokionez, era askotako formulazioak har ditzake, proiektu motaren arabera: espazio batean egindako aurkezpen ordenatu gisa, eskolako ate irekiko jardunaldi gisa edo beste mota bateko ekitaldi gisa. Erakusketaren edukia irudikatutako zinemaren ingurukoa izango da: egin nahi diren filmak eta, momentuz, lehen zirriborro modura baino existitzen ez direnak; begiztatzen diren lanak, baina gauzaezinak direnak; etorkizuneko zinemaren utopiak; zinemagintzako aurkikuntzak; ikerketa proposamenak; material zatikatuak; diseinu grafikoak; instalazioak, panelak… Lan horiek guztiak, noski, ikastaroak iraungo duen asteetan amaitu beharko dira. Eskolak zinema pentsaten badu, ekitaldi hori, hain zuzen ere, zinemaren hipotesiak luzatzeko eta ikusarazteko modu bat da.

Proiektuak

Happening 66 – Formas de repetir y ocupar el cine (Happening 66 – Zinema errepikatzeko eta okupatzeko erak)

Happening-aren hastapenetan du abiapuntua proiektuak, Buenos Airesen, Di Tella institutuan, argazki eta ikus-entzunezkoen erregistroan oinarrituz, garai hartako (1966) memoria-artxibotzat hartuta. Hortik abiaturik, Re-enactment tresnaren bidez lan egingo da iraganera itzultzeko eta, horrela, memoria materialean dauden hutsuneak berrikusteko. Ikerketa horretatik eratortzen dira zinemaren eta perfomancearen arteko nahasketa zalantzan jartzen duen hitzaldia eta komisariotza programa.

Apuntes para Joao Liberada (João Liberadarentzako oharrak)

“João Liberadarentzaklo oharrak” lanak entsegu eta ikus-entzunezko prozesua aurkezten du, haren bidez garatu zen João Liberadaren mundua – generoko disidentea, heretikoa, XVIII. mendekoa, aurre produkzio aldian den “Quatro Vezes João Liberada” film luzeko pertsonaia nagusia.

Cine impreso (Zinema inprimatua)

Tailerrak egiteko eta obra esperimentala aurkezteko proiektua. Bi erreprodukzio bide adierazten ditu zinema inprimatuak: 3D-ko inprimaketa eta film laburrak manipulatzeko eta ikusteko gailuak garatzeko fabrikazioa, eta laser bidezko inprimaketa eta software librearen erabilera filma beste euskarri batzuetan sortzeko eta proiektore analogikoekin erreproduzitu ahal izateko.

Apocalipsis Glitch: estéticas del error en las nuevas prácticas cinematográficas (Glitch Apokalipsia: akatsaren estetikak zinematografia praktika berrietan)

Argitasuna, irudi bereizmena eta errendimendu gorenaren logika dira ikusizko produkzioaren ideologian nagusi. Ikusezinak dira irudi pobreak. Izan ere, hortxe agertzen da akatsa irudi zinematografikoaren gorputza hausteko eta zerez egina dagoen argitzeko leiho eta aukera gisa. Hain zuzen ere akatsak lente kritiko eta estetika berrien sortzaile gisa jokatzen duen rola du aztergai nire proiektuak. Komisariotza lana da Glitch Apokalipsia, irakurketa akademikoetan eta filmen ikuspenetan du abiapuntua. Modu hibridoan mamitu da ikerketa hau, ikus-entzunezko eta idatzizko saio bilduma bezala, eta azkenik film zikloari laguntzen dion argitalpena sortu da. Proiektuak aurrera egiten jarraituko du masterra amaitu ondoren, eta agur gisa erabaki dut hipotesiaren gunea ziklo-eredu bat egiteko eta Abel Hernández musikari eta soinu artistaren zuzeneko emanaldi bat egiteko erabiltzea, soinu akatsak aztertzeko.

Amaoria

Nire diapositiben familia artxiboaren profanazioa zinema hedatuaren perfomance proiekzio bihurtzen da, familia matriarkal bateko emakumeen historiari heltzen dio. Maitasunaren kontzeptua berrikusten du belaunaldien arteko femeninotasunetik, baita isiltasunaren bidez bideratu den sorkuntza boterea ere. Betikotu egiten dira jarduteko keinuen eta moduen antzekotasunak, familia direla adierazten dute; nahasi egiten dira istorioak, eta gainjartzen dira. Erritual gisa, leinuan eta belaunaldiz belaunaldi betikotu diren jarduteko eta izateko moduen errepikapenetik askatzea eskatzen da. Pantaila askotako proiekzioa, diapositiba proiektore biz eta 16 mm-ko proiektore batez osatua. Soinu diseinuarekin, aurrez grabatutako soinuekin eta zuzeneko soinuekin lagunduta.

A10K_KARAOKE

Hutsaren orkestrazioa da A10K_KARAOKE, zuzenean karaoke hitzaren etimologiatik –kara (hutsa) eta oke (orkestra)– ateratako ideia, Ande Mendietan izandako erupzio multiple baten ondorioz gertatutako hondamendi ezinezko bati buruzkoa, laba korronte horiek guztiak hartuko dituen artefaktu edo ekintza bat zehazteko bide bat sortzen duena, hondamendiaren erresaka irudikatzeko aukera ematen diguna, aire fresko isilaren aurreko azken zaplaztekoa jasotzeko.

Sistema Nervioso (Nerbio sistema)

Bideo, arte eta artxibo proiektu instalatiboa da Sistema nervioso, buruko arazoei buruzko gogoeta egiten du eta zalantzan jartzen ditu arazo horien adierazgarritasunaren eta katalogatzearen barruan gertatzen diren gatazkak. Jean-Martin Charcoten XIX. mendeko artxibo irudiak geureganatu ditugu, aurrez aurre jartzeko eta haien keinu psikosomatikoak imitatzeko kontrolik gabeko keinu berriak mugitzen diren koadroak sortzean. Guztiok kide garen eta etengabe larrialdi egoeran dagoen gorputz gisa ulertzen dut Nerbio Sistema.

Zeluloidea orain

  • Ikaslea: Amaia Badiola
  • Nazionalitatea: Euskal Herria
  • Tipologia: Ikerkuntza proiektua
  • Urtea: 2021

Gaur egun edozein formatu analogiko aurki dezakegu askotariko diziplinetan; hala nola, zineman, soinu grabaketetan zein argazkilaritzan. "Analogiko" hitza sarritan lotu izan da honako kontzeptu hauekin: iraganekoa, prekarioa, zaharra, konpon ezina eta buruhausteak ematen dituen formatua. Gainera, gure egunerokotasunean formatu digitalak orokortu dira eta, ondorioz, film fotokimikoen erabilerak behera egin du hiru zentzu nagusitan: 1) eskariari dagokionez, 2) eskuragarritasunari dagokionez, eta 3) esperientzia teknikoari dagokionez. Horietako bakoitza, ordea, bata besteari lotutako kate baten barruan dago eta elkar eragiten dute: hasteko filmen stocka gutxitu da, ondorioz laborategi industrialak itxi dira eta, azkenik, lan esperientzia jaitsi ahala. Beraz, zer  ari gara galtzen? Ikerketa proiektu honekin erakutsi nahi dena, da zeluloideak duen bereizgarritasuna medio bezala, eta hau dela eta, nola oraindik sortzaileek erabiltzen jarraitzen duten.

Morir antes de morir (Hil baino lehen hil)

 “Morir antes de morir” da antzinako samuraien filosofiaren funtsezko esaldietako bat. Bizirik hilda dagoenak ez dio ezeri beldurrik, ezta bere heriotzari ere. 16 urteko mutila da Tristan, zezenketari izan nahi du. Horretarako, Badajozeko zezen eskolan prestatzen ari da, eta han, bere maisu Richardek, garai batean zezenketari izandakoak, tauromakian aritu nahi izateak dakarren krudeltasuna eta indarkeria erakutsiko dizkio.

El cuerpo, la copia, la máquina. Gestos de la impresión óptica en el cine experimental hecho por mujeres (Gorputza, kopia, makina. Inprimaketa optikoaren keinuak emakumeek egindako zinema esperimentalean)

Optical printer-ak diskurtsoak lantzeko duen gaitasunaren barruan kokatutako proiektua, harekin lan egiten duten emakumeen gorputzaren inplikaziotik abiatuta. Makinarekin izandako esperientzia pertsonalarekin osatzen da ikerketa, inprimaketa optikoaren baldintza materialen eta teknika hori erabiltzen duten filmen ezaugarrien, eta beraz, zentzuaren arteko erlazioetan sakontzeko. Gorputzaren prozesu emozionala artxibatzeko aukera proposatzen da zinema esperimentala babesteko.

Archivo Ningunismo (Ningunismo artxiboa)

Ningunismoari buruzko dokumental bat egiteko ikerketaren ondorioz, mota askotako materiala aurkitu nuen. Dokumentu kopuru handiak eta irakurketa bide bat marrazteko antolamendu argirik ez izateak ez ninduten asaldatu, baina film bat egin aurretik artxibo bat egin behar nuela ondorioztatu nuen. Galdera batek lotzen ditu bi adierazpideak: Zer da Ningunismoa? Filmak, oraingoz, artxiboari uzten dio erantzuna. “Zer da?”, artxiboak erantzuten du, “hau guztia da”.

Las convergencias entre el cine popular y autoría en las colaboraciones entre Antonio Fos y Eloy de la Iglesia (1969 – 1973) (Herri zinemaren eta egile zinemaren arteko konbergentziak Antonio Fosen eta Eloy de la Iglesiaren elkarlanetan (1969 – 1973))

Hogeita hamar film baino gehiagoren gidoilaria izan zen Antonio Fos, bere ibilbide zinematografikoa hirurogeiko eta laurogeiko hamarkaden artean egin zuen idazle oparoa. Mandatu bidezko idazle gisa egin zituen lehen urratsak, hainbat herri nobela argitaratu zituen Valenciana argitaletxearekin. Hirurogeiko hamarkada amaieran Eloy de la Iglesia gaztea ezagutu zuen. Bost film egin zituzten elkarrekin, Eloy de la Iglesiaren lehenengo etapa osatuko zuten, hain zuzen ere industria zinematografikoan tentsio handiko uneak bizi zirenean eta zentsura zorrotza zenean.

La biblioteca de Maru. Registro de dos libros (Maruren liburutegia. Bi libururen erregistroa)

Maru Rizok Amable Ariasen liburutegian egindako katalogazio, kontserbazio eta dibulgazio lanari buruzko azterketa. Behar-beharrezkoa da Maruk 30 urtean zehar egin duen artxibo lana errebindikatzea, eta horretarako zorrotz aztertu behar dira prozesu horretan bideratu dituen estrategiak eta zaintza protokoloak. Ikerlan horrekin batera, Amable Ariasen bi libururen –El copiador 1000 cartas eta Historia de Euskal Herria– ikus-entzunezko erregistroa egingo da.

El maldito bastardo (Sasiko madarikatua)

Nire aitak urte askoan grabatu gintuen, bere enkoadraketetan irrikatzen zuen familia asmatuz. Gaur haren istorioetan harrapatutako pertsona izateari utzi diot, eta neure egin dut narratzailearen rola. Berreskuratu egin ditut elkarrekin sortutako irudiak, haietan murgildu naiz eta eraldatu egin ditut, askatu. Aitaren trazuetatik abiatzen naiz geure memoria berridazteko eta harengana iristen saiatzeko.

Normas ambiguas (Arau ambiguoak)

Zazpi monitorerekin antolatutako bideo-instalazioa, NTSCko VHS zintak kopiatzeko eta PAL sistemara eramateko prozesutik sortutako irudiekin eta soinuekin. Arauen bateraezintasunak eta seinalearen zatiketak krisia eragiten dute monitoreetan seinale anbiguoa eta zatikatua erreproduzitzean. Familia, politika eta zuhaitza kontzeptuen arteko artikulazioak eskatzen du familiaren memoriarako eta memoria politikorako sarbidea zuhaitz genealogikoaren egituraren bidez ahalbidetzea, hau da, belaunaldiz belaunaldi eta zintaz zinta.

Wandering Women Film Programme (Emakume Alderraien Zinema Programa)

Emakume Alderraien Zinema Programak, Budapesten egingo denak, hirian nahiz errepidean dabiltzan emakumeak erakusten dituzten hainbat film biltzen ditu, eta film horien produkzio metodologia emakumezko zinemagile batek hiria edo bidaia ardatz hartuta egindako esplorazioan oinarritzen da. Programaren helburu nagusia da gogoeta kritiko bat ahalbidetzea eta katalizatzea, emakumeak hiriko bizitza modernoan duen rolari buruz, gizarteak horri buruz duen nozioaz, eta ibiltzearen, nahitakotasunaren eta feminismoaren arteko harremanari buruz, zinemaren artearen bidez.

Constelación de voces (Ahots konstelazioa)

Arte feministaren eta historiako mugimendu feministen arteko harreman historikora hurbildu ondoren, Uharteko emakumeekin eztabaida eta elkarrizketa guneak eta sorkuntza tailerrak sortu dituen proiektua izan da Ahots konstelazioa. Topaketa horien asmoa izan da emakume horietako bakoitza eta ni neu geure ahotsekin konektatzea, ondoren, zinema, pintura eta idazketaren bidez, espazio publikoan adierazi eta geure burua errebindikatu ahal izateko.

It Takes Place on the Screen: Interviews with Alexander Horwath (Pantailan gertatzen da: elkarrizketak Alexander Horwathekin)

2017ko udazkenean hasi nintzen Alexander Horwath elkarrizketatzen, eta, erantzun bakar batean transmititzen duen ezagutzen zabaltasunagatik, berehala konturatu nintzen elkarrizketa benetan sakon bat egiteak bakarrik izan zezakeela zentzua. Ordutik, saio ugari egin ditut berarekin, eta proiektuaren grabazio fasea amaitzear gaude. Bien bitartean, grabatutako elkarrizketak transkribatzen eta editatzen ari naiz, bost gai nagusitan banatutako liburu batean argitaratzeko asmoz.

La naturaleza de Elohim (Elohimen natura)

Ikerketak proiektu zinematografiko bat desegiteko asmoa du tarteko unibertsorantz eta unibertsoz gaindirantz zabaltzeko xedearekin, instalazio eta perfomance lanen edo zinema zabalduaren proposamen berrien bidez eta Display kontzeptua erabiliz lan berriak sortzeko abiapuntuaren eta kontzeptualizazioaren printzipiotzat hartuta. Zentzu horretan, lan oso bat bilatzen da, filma eta pieza berriak bilduko dituena. Horretarako, etengabeko elkarrizketa egin beharko da diskurtso orokorra artikulatuko duten katebegien modura funtzionatu dezaten.

Explorando el Comisariado desde la producción, la educación y la programación (Komisariotza ekoizpenetik, hezkuntzatik eta programaziotik aztertzen)

  • Ikaslea: Paula González
  • Nazionalitatea: Espainia
  • Tipologia: Ikerkuntza proiektua
  • Urtea: 2021

Komisariotzatik sorkuntza zinematografikoko prozesuen inguruan hausnarketarako espazioak sortzeko ahaleginetik sortutako proiektua. Hipotesi hau sorkuntza-prozesuen esplorazio bat da, produkzioaren, ikus-entzunezko hezkuntzaren eta programazioaren bidez.

piel.lícula - un toque inextinguible (ukitu ezin iraungizkoa)

Oraindik, ebakiondo bat:

M a r r a b a t l a r r u a z a l e a n

Eta lur jotzea.

Bestearekin elkartzeak haustura konponezina eta ia erabateko ezjakintasuna sortzen duen unea. Pertsonen arteko haustura, baina baita haustura historikoa eta politikoa ere, munduaren nolabaiteko antolamendu estruktural eta egituratzaile bat izatearekin zerikusirik ez duena (gorputza).

Hauxe da esaten eta idazten dudana: ez dezagun ahaztu etortzekoa dena:

Etengabeko dardara…

eta lur jotzea.

Espectro corazón (Bihotz espektroa)

Odol zilarkara duten arrain arraroak bizi dira Montevideoko portuko uretan. Isiltasuna. Ukimena bat-batean galduta, Mercedes zalantzan jartzen hasi da bere giza izaera. Eusten gaituen mundu bizidunarekin dugun enpatia haragizkoari eta sentsorialari buruzko film proiektua.

Relatos transfronterizos (Mugaz gaindiko kontakizunak)

Mugaz gaindiko zinema eta giza eskubideak programa ibiltaria - Paso del Norte Mugako (Ciudad Juárez, Chihuahua Mexiko eta El Paso Texas, USA) migranteen kontakizunak. Mugalde hori zeharkatzen duten migranteen bizipen, ibilbide, kontakizun eta sentipenei buruzko proposamen kuratoriala; balizko egoitzen eta edukien azterketa, abiapuntutzat harturik programa erakutsi asmo den testuinguru soziala eta kulturala, modu horretan produkzioaren maiztasun mota, edukia eta prozesuak erabakitzeko. Gai horri buruzko film ugarietako batzuk berrikusiko dira, eta horrenbestez, zikloak eraikitzeko eta hainbat egoitzatan aurkezteko diskurtsoak aztertuko dira, testuinguru bakoitzak edukiak, izenburuak eta erakusteko moduak aldatuko dituela ulertuta.

Dos o tres cosas que yo sé de Joseph (Josephi buruz dakizkidan bizpahiru kontu)

Dauden formatu guztietan 1200dik gora film egin dituen Joseph Morder zinemagilearekin batera egindako lana da. 2020ko azarotik hainbat korrespondentzia izan ditugu, eta 2021eko martxo amaieran Parisera joan nintzen. Parisen elkartuta elkarrizketa sorta bat sortu zen, eta 1978. urtean Madrilen filmatutako Niños, niñas lana digitalizatu eta zaharberritu zen. Lanaren oraina eta geroa artxibo osoa lantzean eta zazpi ataletan filmatutako haren egunkarien digitalizazioan datza, munduko zinematografian ezkutatuta dagoen lana baita.

Irudi korapilotsuak. Euskal animazio esperimental sarearen inguruko gogoeta

Ikerketa proiektu honetan atentzio fokua euskal animazio esperimentalera bideratu dut, Begoña Vicario, Isabel Herguera eta Izibene Oñederraren lan zein figuretan ardaztuz. Ikerketa proiektu honetan zehar zabaldutako adar desberdinek, animazioaren inguruko gogoeta bat aurrera eramateko aukera luzatu didate. Hala, animaziozko irudia tresna bezala ulertuz, marrazkiaren bitartez kontatu zein iradokitzeko moduen inguruan hausnartzera bideratu nau. Animazio esperimentalaren alderdi ezberdinak zein irudiaren eta marrazkiaren inguruko pentsamendu lerroak barneratzen dituen ikerketa bat aurrera eraman ondoren, bertan landutako ideiak hiru zinegileen lanarekin uztartzeko hauen obraren analisi zein elkarrizketez baliatu naiz.

Juego de tres (Hiruren jokoa)

Laguntza bidezko ugalketako teknologiaren azterketa historikoa eta gaur egungo genero nozioetan eta familia egituretan dituen ondorioak. Elkarrizketez eta emanaldiez osatua, filmak haurdunaldiari buruzko gogoetak egiten ditu, zalantzan jartzen ditu haren eraikuntzak, eta etorkizun ez binariora hurbiltzen da.

Futuro solar (Eguzki etorkizuna)

Lastaira saltzaile bat basamortu erdian galdu da negozio bat ixten saiatu denean, eta konortea galtzera eraman duen eguzki kolpea nozitu du. Sukar amets hori izango da bere bizitza berriaren bataioa. Idealista komunitate batek populatutako basoan esnatu da, itxura batean burbuila batean bizi dira, sistematik kanpo, eta ez dirudi bertan denbora igarotzen denik. Lehen aldiz, insomnioa gainditu eta loak hartu du. Denbora gehiago eman nahi du han, eta bere bahiketa faltsutu du nagusiaren aurrean eguneroko laneko errutinara eta bere bizimodu aspergarrira ez itzultzeko. Gezurrezko bahiketa aldi horretan zehar, kanpaina politiko utopiko batean murgilduko da, maitasun batean, hilketa batean, elkarrizketa bat izango du Jainkoarekin, gau ugari amets numentsuekin, abandonu bat biziko du eta, azkenik, irudikatuko du esperimentatu duen bizimodu berri horri eusteko biderik errazena dela bere burua lurrean landatzea, zuhaitz bat balitz bezala.

Pozoantiguo

Nekazari jubilatua da Agustin. Mariok hogeita hamar urte ditu, langabezian dago, eta Pozoantiguora itzuli da osabari etxeko ustiategi txikian laguntzeko. Biak dira ‘Espainia hustuko’ berrehun biztanleko herri batean bizirauten duen laborari eta abeltzain belaunaldi baten azken katebegia.

Historia de pastores (Artzain kontuak)

Siesta, jazarpen eta bisita gidatuen artean, existitzen ez den kortijo baten kondairak Mari, Jose eta Jonas lotzen ditu.

Manos (Eskuak)

Bizkarreko txiki bat txanda amaitzean. New York hiriko ospitaleetako langile immigrante latinoamerikarren errutinak ikertzen dituzten kapituluek osatzen dute pieza. Lagunen, lagunen lagunen eta ezezagunen eta beste langileen lekukotasunen bidez, espazio bat berreraikitzen du Eskuak filmak, bertan hautsi egiten dira gorputzak, modu horretan ikusezin ez bihurtzeko esperientzien artxibo kolektibo bat sortzeko.

En búsqueda de Beatriz (Beatrizen bila)

Portugalgo Erdi Aroko Beatriz infantari buruzko film bati begira egin nuen ikerketa prozesuan du abiapuntua filmak. Beatriz irudi ahaztua da, baina irudi nagusia izan zen Portugalgo 1383ko krisi dinastikoan. Portugalen, haurrek 10 urte dutenean ikasten dute ikastetxean gure historiaren aldi hori: adin horixe zuen Beatrizek berak gatazka sortu zenean. Puntu komun horretatik abiatuz, haurrekin tailerretan landutako materialak eta elkarrizketak nahasten ditu piezak, eta haurren iruditeria zeharkatuz,  Beatrizen iraganaren inguruan asmatzen hasten gara denok elkarrekin.

Ahots arrosa (La voz rosa)

Natu gazte ekuadortarra denboraldi bat ematen ari da Donostian, eta gehiegi behartu duen ahotsa berreskuratzeko entrenatzen hasi da. Bakarrik bidaiatzen duen lehen aldia denez eta asko paseatzen denez, normalean ikusiko ez lituzkeen gauzez ohartzen da. Eskuekin sortzen duten adintsu batzuk ezagutu ditu. Ahots ariketei eta topaketa beroei esker, aldatu eginda bere ahotsa, eta gauza da lagun zahar bati egia esateko.

Un lago sin nombre (Izenik gabeko aintzira)

Horman zintzilik aintzira baten margolana. Uda da eta Martin burua nahasita esnatu da hotel bateko gelan. Etorkizunera bidaiatu du, eta film berria prestatzen ari den zinema zuzendari ezaguna da han. Historia autobiografikoa da, arian-arian aintziraren margolanaren jatorria eta denboran banatutako beste uda bat biltzen den lekua ikertzera eramango duena.

Revuelo (Aztoramena)

Filma diptiko baten gisara dago egituratuta, alde bakoitzak bereiz funtzionatzen du. Bi istorioetan, emakumeek lotura intimoa dute iraganeko elementu batekin. Dela galdutako lotura filial bat edo orain arte ezkutuan egondako istorio bat gogora ekarriz, belaunaldi batetik bestera isilpean ehuntzen diren loturak aztertzen ditu filmak.

Canalizaciones de la paz colonial (Bake Kolonialaren kanalizazioak)

Ama hil zenetik 5 urte igaro ondoren, aipamenak eta agerpenak azaltzen dira, eta haren bizitza kontatzeko aukera ematen dute ama falta denetik. Objektu bat, 30 urtez gordetako unibertsitateko filma, sinkronikotasunaren bidez aurkitzen dena, espektroa aukera gisa ikustea ahalbidetzen duena, eta zentzumenez kanpoko pertzepzioa praktika dekolonial gisa ulertzen duena. Gure irudikapen kolektiboko sistemak eta gure artxiboen eta gure sinesmenen kolonizazioa birplanteatzen ditugun bitartean, materialak ikusgarri bihurtzea eta nortasuna eraikitzeko baliatzea. Perfomance honek aukera ematen du absentzia hori orainaldira ekartzeko eta nire gorputzetik, dagoeneko hautsa den izaki horrek osatutako gorputzetik, igaroarazteko.

Peter

Gutxi gorabehera hirurogeita urte izango ditu Peterrek. Ingelesa da, eta jubilatuta dagoela esango nuke, baina ez dakit, inoiz ez dut jakin zertan lan egin zuen. Ez dut haren abizenaren berririk, ez dut bere telefono zenbakirik, baina badakit non topatuko nukeen berriz ikusi nahi izango banu. 82 urte ditu Luisek. Espainola da eta jubilatuta dago. Danielek 73 urte ditu, euskaraz mintzatzen da. Jose Luisen argazki bat baizik ez dut, ez zen precastingean azaltzen. Horiek guztiak izango dira Peter, eta film hau hainbat film izango da aldi berean.

Isiltasun bideak (Streams of silence)

INDUSKETAK, AMETS IRUDIAK. Bernal Díaz del Castillo konkistatzaile eta azken kronikariaren memoriak. BEGIRADA SAIHESTUAK. Uberren ibilbide batek sorrarazitako sentsazioak kontatzen ditu zuzendariak. ISILTASUNA. Bi bideak adarkatzen dira harriaren eta burdinaren ahoak denboraren joanean zeharkatutako eta zauritutako lurralde hauskor berean. PAISAIAK, izaki bizidunen eta mamuen mugimenduak erregistratzen dituztenak. AMETS IRUDIAK, INDUSKETAK.

Soñe que era piedra (Amestu harria zela)

Hondartza bateko arroka arrosa eta bitxiak, leizeak, harriak eta ezabatzen den aparra, gorputz bat arroken artean dantzan, beste bat amorruz, ur geldiz eta hiru emakume beren esperientzien zatiekin.