Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Elías Querejeta Zine Eskola proiektuen eskola bat da eta bakoitzean zinearen aitzinirudi bat: hipotesi bat

Zinemaren hipotesia terminoak erreferentzia egiten die biharko zinemagintzaren irudikapenean oinarritutako proiektu pedagogiko ezberdinei. Aipatu behar ditugu, zehazki, Ermanno Olmik eta Paolo Valmaranak Bassano del Grappan (Italia) sortutako Ipotesi Cinema eskola, eta Alain Bergalaren 2002ko L’Hypothèse cinéma: Petit traité de transmission du cinéma à l’école et ailleurs liburua. Bi ekimen handi horien omenez, Hipotesi deitzen diegu ikasleen lanei, zeinak, berez, zinemaren proiekzio bat baitira etorkizunari begira. Espezialitate guztietako ikasleek, eskolan dauden bitartean, amaierako proiektu edo lan bat egin behar dute. Zine Eskolak eskolaren plan pedagogikoa eta egitura hezurmamitzen ditu. Moduluen antolakuntzak aukera emango du ikasgai guztiak bidaia pertsonalaren inguruan egituratzeko, irizpidea zabalduz eta ideia propioak probatuz.

 

Hipotesiak

Kontzeptu honekin identifikatzen da amaierako ekitaldia edo ekitaldi saila, non ikasleek jendaurrean erakutsiko dituzten euren zinemaren hipotesiak, hau da, ikastaroan zehar egin dituzten lanak: irudikatu eta osatu dituzten filmak izan daitezke, baina baita ere sorkuntza proiektu utopikoak, ezinezko zinemaren irudimenak, filmatzen hasi diren pelikula baten zatiak, edo artxiboko nahiz arkeologia filmikoko jarduera planak.

Hipotesien gauzatze praktikoari dagokionez, era askotako formulazioak har ditzake, proiektu motaren arabera: espazio batean egindako aurkezpen ordenatu gisa, eskolako ate irekiko jardunaldi gisa edo beste mota bateko ekitaldi gisa. Erakusketaren edukia irudikatutako zinemaren ingurukoa izango da: egin nahi diren filmak eta, momentuz, lehen zirriborro modura baino existitzen ez direnak; begiztatzen diren lanak, baina gauzaezinak direnak; etorkizuneko zinemaren utopiak; zinemagintzako aurkikuntzak; ikerketa proposamenak; material zatikatuak; diseinu grafikoak; instalazioak, panelak… Lan horiek guztiak, noski, ikastaroak iraungo duen asteetan amaitu beharko dira. Eskolak zinema pentsaten badu, ekitaldi hori, hain zuzen ere, zinemaren hipotesiak luzatzeko eta ikusarazteko modu bat da.