Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

EQZE-ren ikasleen proiektuen presentzia garrantzitsua Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan

Marina Palaciok eta Jaume Claret-ek film berriak estreinatuko dituzte Zabaltegi-Tabakaleran eta Nest topaketan

2020/09/18

Silvia Cruzek bi lan aurkeztuko ditu, eta Sail Ofizialean eta Horizontes Latinos sailean lehiatuko dira, Gipuzkoan ezarritako Vitrine Filmes banatzailearen bitartez

Elías Querejeta Zine Eskolak ordezkaritza handia izango du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan; aurtengo Zinemaldia irailaren 18an hasiko da, ostiralarekin. Eskolako lehenengo bi promozioetako ikasleek eskolan bertan sortutako proiektu ugari txertatuko dira SSIFF jaialdiko programazioan eta jardueretan; hartara, eskolan garatutako lehenengotariko hainbat lan izango dira ikusgai.

Marina Palacio (Donostia, 1996) lehenengo promozioko ikasle izan zen, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztuko du bere opera prima: “Ya no duermo”. Sorkuntzako graduondoko ikasketen esparruan garatutako film laburra da, eta EQZEk eta Gariza Films etxeak produzitu dute; Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programaren 2020ko film laburren katalogoan sartzeko hautatua izan da. Bestalde, segidako bigarren urtez, zinema eskoletako ikasleen Nest Film Students sailean EQZEk aurkeztutako film bat aurkeztuko da. Kasu honetan, lehenengo promozioko ikasle izan zen Jaume Claret Muxart (Sant Cugat del Vallès, 1998) zuzendariaren “Ella i jo”. Film labur hori beste hamabirekin batera hautatu dute 49 herrialdetako 165 eskolek proposatutako 348 filmen artetik. Halaber, 2019-2020 ikasturtearen amaierara arte EQZEko Sorkuntza Saileko koordinatzaile izan den Laida Lertxundiren “Autoficción” azken lana, eta eskolako irakasle den Camilo Restreporen “Los conductos” lana Zabaltegi-Tabakalera sailean egongo dira.

Elías Querejeta Zine Eskolak Vitrine Filmes enpresaren bitartez ere izango du presentzia Donostia Zinemaldian; EQZEko bigarren promozioko Silvia Cruz ikasleak (Brasil, 1982) sortu zuen Brasilen banaketa eta produkzio zinematografikoko enpresa, eta berriki Gipuzkoan ezarri du ordezkaritza bat. Banaketa enpresa eskolako Komisariotza ikasketen esparruan inkubatu zen eta eskolako lehen promozioko ikasle Julieta Juncadellak (Argentina, 1996) ere parte hartzen du; enpresaren zabaltze horrek bi film aurkeztu ditu SSIFFko lehiaketarako: Sharunas Bartas lituaniarraren “In the Dusk”, Sail Ofizialean estreinatuko dena; eta Carolina Moscoso txiletarraren “Visión nocturna”, Horizontes Latinos sailean proiektatuko dena.

Vitrine Filmes etxeak Amaia eta Aitor Merinoren “Fantasía” film berriaren estreinaldia iragarri du, baita beste bi filmen produkzioa ere: “Sin Dolor”, Michael Wahrmann-en bigarren film luzea, eta Martina Juncadellaren “Un personaje volador”. Proiektu horiek guztiek Ikusmira Berriak programan parte hartu dute, hau da, EQZEk Jaialdiarekin eta Tabakalerarekin batera antolatzen duen egonaldi artistikoan.

Ikusmira Berriak programatik datoz Donostia Zinemaldian ikusgai izango diren beste proiektu batzuk: Grigory Kolomitsev-en “Chupacabra”, Arantza Santestebanen “918 gau” eta Aitziber Olaskoagaren “Jo ta ke”, honako sail hauetan parte hartuko dutenak, hurrenez hurren: New Directors, WIP Europa eta Zinemira; bestalde, EQZEko lehen promozioko ikasle Gabriel Azorín-en “Ayer conquisté Tebas” filma garapen prozesuan dago, Zinema Akademiaren egonaldien programaren bigarren edizioaren barruan hautatua izan ostean, eta proiektuaren garapenaren berri emango du modu birtualean, Zinemaldiaren webguneko “Industria Online” atalaren bitartez. Industrian akreditatuta daudenek proiektuen aurrez grabatutako pitchingak eskura izango dituzte, eta ordezkariekin hitzordua zehaztu ahal izango dute; hitzordu horiek irailaren 20an eta 21ean izango dira, erabat online, nahiz eta egoiliarrak Donostian egon presentzialki. 

Eskolako komunitateko kideen presentzia ez da hor bukatzen, zeren, SSIFFren aurreko edizioan bezalaxe, Komisariotza espezialitateko ikasle batek Euskal Zinemaren Irizar Saria emango duen epaimahai berezian parte hartuko baitu, Zinemaldian estreinatutako euskal film onena saritzeko. Aurten, Irati Crespo (Errenteria, 1996) bigarren promozioko ikaslearen txanda izango da. Por su parte, Tomás Paula Marques (Porto, 1994), estudiante de Creación de la tercera promoción de EQZE, formará parte del Jurado de la sección Nest Film Students. Marques ganó el “Premio Orona al Mejor cortometraje de Nest” en la edición anterior con “Em caso de fogo”. Zinemaldiak egunero argitaratzen duen aldizkarian ere izango da eskolako ikasleen presentzia. Aurten, bigarren promozioko ikasle Marc Barceló-k (Tarragona, 1992) argitalpenaren erredakzio taldean parte hartuko du.

Elías Querejeta Zine Eskolaren 2020-2021 ikasturtea hasi eta lau egun geroago abiaraziko da Donostia Zinemaldiaren 68. edizioa. Eskolako bigarren eta hirugarren promozioko ikasleek agenda berezia izango dute Zinemaldi horretan: proiekzioetara joango dira, eskola magistraletan parte hartuko dute, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan, beste hainbat jardueratan, eta Zinemaldia barrutik ezagutzeko aukera ere izango dute. Zinemaldia amaitutakoan, irailaren 28an hasiko da ikastaldia.

EQZE Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua da. Proiektu pedagogiko paregabe eta berezia dauka, graduondoko hiru programez eratua (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programa horiek berau kontzeptualizatzen parte hartzen duten hiru erakunde zinematografikoren ezagutza arloetatik abiatuta osatzen dira; hain zuzen ere, erakunde hauenak: Euskadiko Filmategia, Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia. 2019az geroztik, EQZE Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako ikastegia da.