Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Eva Sangiorgi izango da Elias Querejeta Zine Eskolaren Komisariotza graduondokoaren koordinatzaile berria

Sangiorgi Viennale - Vienako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren zuzendari artistikoa da gaur egun

2021/05/13

Elías Querejeta Zine Eskolak zuzendaritza akademikoaren koordinazio taldera sartu du Eva Sangiorgi (Faenza, 1978) eta aurrerantzean EQZEren Komisariotza arloaz arduratuko da. 2018. urteaz geroztik, Viennale - Vienako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren zuzendari artistikoa, Eva Sangiorgi Komunikazio Zientzietan lizentziatu zen, Bolonian, eta Artearen Historiari buruzko master bat egin zuen, Mexiko hirian. Esperientzia handia du Latinoamerikako hainbat jaialdiren programatzaile gisa, eta bereziki, Mexikon, non hamasei urte igaro baitzituen. Han, FICUNAM jaialdia sortu, eta 2018ra arte zuzendu zuen, egile zinema eta politikari eta ikerketari lotutako zinema bultzatzen duen jaialdi bat. Era berean, epaimahaikidea izan da nazioarteko jaialdi askotan, hala nola La Semaine de la Critique de Cannes, Veneziako Jaialdia, FIDMarseille eta Jeonju International Film Festival; horrez gain, proiektu zinematografikoak analizatzeko eta garatzeko batzordeetan parte hartu izan du.

Argitalpen proiektuei dagokienez, zinema garaikideari buruzko Mexikoko Unibertsitate Autonomo Nazionalaren (UNAM) hainbat argitalpen koordinatu eta argitaratu ditu, eta saiakerak eta testuak egin ditu, jaialdietako katalogo eta zinema argitalpenetarako. Eskolako ikasleak garatzen ari diren proiektuetako irakasle eta tutore gisa parte hartzeaz gainera, Eva Sangiorgik eskolak eman ditu, Latinoamerikako eta Europako hainbat unibertsitatetan. 2016an, Brava Cinema banaketa etxea sortu zuen, Mexikon.

María Palacios Cruzek, berriz, kargua utziko du, orain dela gutxi Londresko Open City Documentary Festival jaialdiko zuzendari izendatu baitute. Palacios EQZEren irakaslea eta koordinazio akademikoko kidea izan da, eskolaren jarduera akademikoa 2017an martxan jarri zenetik.

Graduondoko Komisariotzak etorkizun handiko kuraduria zinematografikoaren espezifikotasuna zehaztu nahi du. Espezialitateak komisariotza zinematografikoaren oinarrian dagoen esparru teoriko osoa, neurri batean arte plastikoetatik jasotakoa, ikasteko aukera eman nahi du, askotariko programazio tradizioak eta eskolak ezagutzera ematearekin batera. Parte hartzaile bakoitzaren irizpide eta begirada bakana lantzeaz gainera, proiektu zinematografikoak ideiatik hasita exekuziora garatzeko tresnak ematen ditu ikastaroak. Espezialitateak bultzatzen ditu, halaber, kuradorearen ikerketa, kritika, saiakera eta irakaskuntza lanak.