Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Ikus-entzunezko Ondarearen Nazioarteko Eguna

Online topaketa

2020/10/27 - 11:00

Parte-hartzaileak:

Santiago Eraso, Antoni Muntadas, Pablo Maravi, José Ramón Alcalá Mellado, Solimán López

Hizkuntzak:

Gaztelania

Urriaren 27an Ikus-Entzunezko Ondarearen Nazioarteko Eguna ospatzen da. EQZEren ikasle talde batek hausnarketa-jardunaldi bat antolatu du ikus-entzunezko teknologiek kultura-ondarearen transmisioan duten presentziari eta bilakaerari buruz. 

Bi solaldi antolatu dira ikus-entzunezko edukietan sakontzeko hezkuntzan eta teknologia hori hezkuntza-tresna gisa erabiltzeko.

 

1. Ikus-entzunezko artxiboa tresna pedagogiko gisa

Ordutegia: 11:30-13:00 LINK GoToMeeting

"Artxibo" hitzaren esanahia leku batean objektuak metatzetik harago doa. Artxibo bateko materialak eta diskurtsoak sortzea, eskuratzea eta hedatzea gakoa izan daiteke gizartearen barruan begirada aktiboak eta kritikoak trebatzeko. Baliteke artxibo orok, izan ikus-entzunezkoak ala ez, berez pedagogikoa eta transmisiozkoa den potentzialtasuna izatea.

Artxiboaren garrantziari eta artxiboa existitzeko askotariko moduei buruz gogoeta Santiago Eraso eta Antoni Muntadas artista arituko dira elkarrizketan. Solasaldiko bitartekaria Pablo Maravi izango da.

* Santiago Eraso (Donosti, 1953). 1987tik 2006ra Artelekuko (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Arte eta Kultura Garaikideko Zentroa) zuzendaria izan zen.  Arteleku mota horretako lehenengo zentroetakoa izan zen Espainian, eta lehenengo erakundetakoa ordura arte estatu osoan eskuraezinak ziren materialez osatutako bideo-arte mediateka bat eraikitzen. 2011n, zentroa urak hartu zuen, eta harrezkero, haren memoriaren zati handi batek online artxibo batean irauten du bizirik.

* Antoni Muntadas (Bartzelona, 1942). Media art eta arte kontzeptualaren Espainiako aitzindarietako bat da. Lau hamarkadatik gora daramatza proiektuak egiten. Egitasmo horietan gogoeta kritiko bat planteatzen du esperientzia garaikidearen osaerako alderdi gakoei buruz.

 

2. Artxiboak begiratzeko modu berriak. Teknologiaren eta arte digitalaren zeregina artxiboen munduan

Ordutegia: 17:00-18:30 LINK GoToMeeting

Hainbat ikerketa ildo daude ikus-entzunezko ondarearen etorkizuna zer-nolakoa izango den aztertzeko. Ikerketa horietako asko zinemagileek edo artistek sortu dituzte, artxiboak erakundeek erabiltzen duten teknika eta metodologia gisa lantzean, baina baita sortu den eta iraun behar duen arteari buruz gogoeta egiteko eta pentsatzeko tresna gisa jorratzean ere. Artelanak sortzearen edo pentsamendu kritikoak garatzearen bitartez, ideologia berriak eta artea ikusteko modu berriak sortu dira.

Aldi berean, teknologia funtsezko laguntza bihurtu da sortzen ditugun edukiak artxibatzearen, biltegiratzearen eta horien iraungarritasunaren inguruko joera berri horiek eratzean; horrela, begirada berriak ezartzen ditugu.

Solasaldi birtual honetan, teknologiaren eta artxiboen inguruan garatzen ari diren ikerketei buruz arituko dira José Ramón Alcalá Mellado eta Solimán López.

* José Ramón Alcalá Mellado (Valentzia, 1960). Adierazpen Grafikoen Prozeduretan eta Irudiaren Teknologietan katedraduna da Gaztela-Mantxako Unibertsitatean, eta Cuencako Arte Ederren Fakultateko Arte Garaikideko Bildumen eta Artxiboen arduraduna. Teknologia berriek sorkuntza artistikoetan dituzten aplikazioei eta museografia birtualari buruzko estatuko eta Europako bikaintasuneko I+G+b proiektuetako ikertzaile nagusia da. Gainera, Espainiako media arteko lehen artxiboko kidea da (AEMA proiektua).

* Solimán López (Burgos, 1981). Ibilbide luzea du arte garaikideko jaialdietan, eta arte digitala eta teknologia berriak lantzen ditu. Bere sorkuntzak artxibo digitalen esanahian eta izaeran oinarritzen ditu; hori horrela, disko gogor batean biltegiratutako arte digitaleko lehen museoaren sortzailea da. Lanak sortzeko hainbat tresna erabiltzen ditu, hala nola errealitate birtuala edo programazioa, eta, beraz, mundu birtualen eta analogikoen arteko konexioa zalantzan jartzen du.