Newsletterra

, zure izen-ematea bideratu da.

Limite

Eskolatik zikloa

Tabakalera - Zine 1

2020/12/02 - 18:00

Salneurria:

3,5 €

Limite Mario Peixoto (Brasil, 1931, 120 min.)

Gai bat, egoera bat eta hiru istorio. Gaia, gizakiak infinituarekiko duen grina, haren aldarria eta porrota. Egoera, ozeanoan galdutako ontzi bat hiru naufragorekin, gizon bat eta bi emakume. Hiru istorioak pertsonaiek elkarri kontatzen dizkiotenak dira. Egoeran, hiru istorioak garatzen dituen gaiak itxura hartzen du. Tragedia kosmikoa ontzian gertatzen da, non istorioek bat egiten duten. Naufragoak lur jota daude, arraun egiteari utzi diote eta badirudi patura etsita daudela.

Mário Peixotok amaitutako film bakarra da Limite, eta Brasilgo zinemaren historiako lanik garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Izugarri berritzailea izan zen bere garairako. Zinema sobietarretik, espresionismo alemaniarretik eta Griffithen zinema klasikotik hartzen du inspirazioa zuzenean,  zinema arte gisa agertuz. Gaur egun, ia denek onartzen duten haren garrantzia; izan ere, berrikuntza ekarri zuen hizkeraren arloan, erritmo motela, Brasilgo paisaiaren planoak eta kamera lan iraultzailea zituelako. Hain zuzen, fotograma estatikoak mugimendu oso bizkorrekin txandakatzen ditu, musika klasikoaz lagunduta.

1988an, Cinemateca Brasileira erakundeak sustatutako estatu mailako inkesta batean, Brasilgo zinema kritikari garrantzitsuenek garai guztietako brasildar film onenaren gisa aukeratu zuten Limite. Halaber, UNESCO erakundearen Latinoamerika eta Kariberako "Munduaren Memoria" Programaren Batzordeak aitortza egin dio.

 

Mário Peixoto

Mário Breves Peixoto 1908ko martxoaren 25ean jaio zen. Bere garaiko artista brasildar ugarik bezala, Peixotok Europako mugimendu artistikoen eragin handia izan zuen. 19 urterekin, emankizunekiko interesa piztu zitzaion, Britainia Handian ikasten ari zela. Peixotorentzat denbora-pasa bat zenak zinema eta teknika formal estilizatuenak sakonki balioestera bultzatu zuen. Peixoto bereziki hunkituta geratu zen errusiarren muntaketarekin eta alemaniarren espresionismoarekin, eta, zehazki, zuzendari hauen lana miresten zuen: Fritz Lang, Georg Wilhelm Pabst, F. W. Murnau, Ernst Lubitsch, Sergei Eisenstein eta Vsevolod Pudovkin. Ez alferrik, bere film bakarra, Limite (1931), Brasilgo diktadura militarreko poliziak atzeman zuen 1966an, Vsevolod Pudovkin-en La madre (1926) eta Sergei Eisenstein-en Acorazado Potemkin (1925) lanekin batera.

Britainia Handian ikasketak amaitu ondoren, Rio de Janeirora itzuli zen, eta han, Peixoto gero eta gehiago sartu zen loratzen ari zen tokiko eszena artistikoan. Rio de Janeiroko paisaia kulturalean murgiltzean, Edgar Brasil kamerari eta argazki zuzendariaren eta Adhemar Gonzaga zuzendariaren lagun egin zen, eta Barro Humano (1927) lanaren filmaketan parte hartu zuen. Peixoto, halaber, Octávio de Farias kritikari eta idazlearen lagun egin zen. Farias Chaplin Club taldeko kidea zen. Zinemazaleen talde hori 1928an sortu zen eta The Fan izeneko eragin handiko aldizkari bat argitaratu zuen 1930era arte. Aldizkarian, zinema mutuaren estetikari buruzko eztabaidak lantzen ziren.

Peixotok uste zuen Brasilen filmen eskuragarritasuna mugatzailea zela, eta Europara itzuli zen hurrengo urtean, Brasilen ikus ezin zitezkeen filmak ikusteko asmoz. Limite lanerako inspirazioa 1929ko abuztuan, Europara egin zuen bigarren bidaian, aurkitu zuen André Kertesz-en argazki batetik etorri zitzaion. Irudia Vu aldizkarian argitaratu zen berez. Frantziako aldizkari hori argazkilaritzari buruzkoa zen, eta argazkiak eskuburdinak zeramatzan gizon batek besarkatutako emakume bat erakusten zuen. Peixotok Limite lanerako tratamendu bat idatzi zuen, Kerteszen argazkiaren ezinegonean oinarrituta, eta irudia birsortu zuen bere filmaren hasierako eta amaierako sekuentzietarako.

Brasilera itzuli ondoren, Peixotok Adhemar Gonzaga eta Humberto Mauro zuzendariei aurkeztu zien tratamendua, baina biek gomendatu zioten Peixotori filma berak filmatu zezala. Aurre-ekoizpena hurrengo urtean hasi zen eta 1931ko maiatzaren 17an estreinatu zen Limite, Rio de Janeiroko Capitolio zinemetan.

 

* Renan Camilo, Paula González eta Valery Rojas EQZEren Komisariotza arloko 2020-2021 Ikasturteko ikasleek komisariatutako Eskolatik zikloaren lehen saioa.